Teknologia albisteak

Abangoardiako musika, Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia
KREA Adierazpen Garaikidea
2009-08-16 : 10:08

Iraila soinu-sorkuntzaren eta abangoardiako musikaren hilabetea izango da Gasteizen. Soinua sortzea eta hedatzea helburu dituen "Silencio, KREA" kultur ekimena Gasteizen izango da irailaren 3tik 5era bitartean. Ekimena KREA Adierazpen Garaikideak antolatu du, Sinkro Gasteizko artista eta konpositoreen taldearekin batera.

Soinuaren artea lantzeko asmoarekin, profesionalen topaketak eta hedatzeko ekimenak txandakatuko ditu KREAk. Lehen edizioa soinuaren ikerketarako nazioarteko laborategien bilgunea izan zen; 2009ko edizioan, ordea, hiria soinuaren artera hurbildu nahi du. Ikuspegi ezberdinak proposatuko ditu urtero, elkarren artean osagarriak, diziplina artistiko horri begirada ezberdinak eskaintze aldera. Ildo horretan, "Silencio, KREA 2010" arlo profesionalean oinarrituko da, eta sareko lana eta soinuaren sormenean ospetsuak diren nazioarteko zentroekin harremanak egitea bultzatuko du, KREAk Betoñon duen egoitza inauguratzeari begira.

Aurtengo programa hasteko, soinu-instalazioa jarriko da irailaren 3an Araba aretoan. Irailaren 4an eta 5ean, "Musika esperimentala eta ikusmen-artea" mintegia izango da, abangoardiako musika eta ikusmen sormenean interesa duten ikasle eta pertsonentzat. Azkenik, nazioartean ezagunak diren musika elektroakustikoen perkusio-kontzertuarekin amaituko da irailaren 5ean, Vital Kutxa Fundazioaren Aretoan.

Erantzun

Sartu