Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin lankidetzan antolatutako Euskal Herriko XXI. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa datorren larunbatean izango da Altsasuko Burunda pilotalekuan.
Euskal Herri osoko bertsolari gaztetxoen egunik handiena Nafarroan izango da aurten ere, iaz bezala, Altsasuko Burunda pilotalekuan, ekainaren 20an. Goizeko 11etatik aurrera zazpi lurraldeetako bertsolari gaztetxoenek, 14 urtera artekoek, jardungo dute bertsotan. 13:30 aldera bazkari handi bat antolatuko da Altsasuko Zelandi Pilotalekuan. Azkenik, 14-18 urte bitartekoen finala arratsaldeko 15:00etan hasiko da.
Urteak dira bai Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, bai lurraldeetako elkarteak Euskal Herriko ondare kulturalaren parte den bertsolaritza lantzen hasi zirela. Horri esker, ahozko tradizio euskaldunaren adierazpide nagusia gaur egun presente dago euskal lurralde guztietan. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa haur eta gaztetxo bertsozaleen pizgarri eta bertsolaritza irakasleen akuilu ez ezik, bertsolaritzaren etorkizuna ziurtatuko duen festa handia izateko sortu zen ere. Halako egunek urte osoko lana dute oinarri, astero-asteroko bertso-eskoletatik hasi eta txapelketen antolaketak dakartzan zereginetara, tartekorik ahaztu gabe.
Jada, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak 21 urte ditu, eta ume eta gaztetxo euskaldunen artean euskal kultura eta hizkuntzaren erabilera sustatzeaz gain, ekitaldiak bertsozale eta euskaltzaleentzako topagune izan nahi du eta herrialde osoko ikastolek eta bertso-eskolek egiten duten lana bultzatu nahi du. Esan beharra dago hurrengo larunbatean kantuan ariko diren ume eta gaztetxoak eremu arras ezberdinetakoak direla: zonalde euskaldunak, ez hain euskaldunak, nekazal girokoak, kaletarrak... Hortaz, Altsasuko finalean Euskal Herriko errealitate gehienak ikusgai izango dira.
Ikastolen Konfederazioak txapelketa antolatzeko honako laguntzaile eta babesleak izan ditu: Altsasuko udala, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK.
Gaiak Fernando Anbustegi elizondotarrak jarriko ditu, eta hauexek izango dira parte hartzaileak:
Txikien maila: 14 urte artekoak
- Beñat Olano (Gasteiz, 11 urte)
- Peru Abarrategi (Aramaio, 11 urte )
- Beñat Mendia (Zeanuri, 14 urte)
- Olatz Ipiña (Arrigorriaga, 14 urte)
- Mikel Iturriotz (Urretxu, 14 urte)
- Haritz Mujika (Asteasu, 13 urte )
- Ortzi Murua (Azkaine, 14 urte)
- Maddi Sarasua (Itsasu, 14 urte)
- Idoia Saez (Iruñea, 13 urte)
- Mikel Lasarte (Barañain. 13 urte)
- Eñaut Saldunbide (Anhauze, 14 urte)
- Allande Etxeberri (Lasa, 14 urte)
- Johaiñe Sarraillet (Lakarri, 12 urte)
- Ibai Capot Tornary (Zalgize, 12 urte)
Handien maila: 15 - 18 urte bitartekoak
- Xabi Igoa (Aramaio, 17 urte)
- Ander Solozabal (Gasteiz, 17 urte)
- Peio Ormazabal (Arrigorriaga, 16 urte)
- Txaber Ormazabal (Arrigorriaga, 14 urte)
- Amaia Iturriotz (Urretxu, 16 urte)
- Ane Labaka (Lasarte, 16 urte)
- Saioa Alkaiza (Iruñea, 18 urte)
- Josu Sanjurjo (Lesaka, 15 urte)
- Maddiane Txoperena (Hendaia, 15 urte)
- Maiana Irigoyen (Baiona, 17 urte)
- Mattin Luku (Donibane Garazi, 17 urte)
- Bixente Hirigarai (Baigorri, 17 urte)
- Gillen Negeloua (Urdiñarbe, 16 urte)
Epaimahaia honako adituek osatuko dute:
- Ekaitz Elorriaga (Araba)
- Mirari Azula (Bizkaia)
- Bakarne Urreaga (Gipuzkoa)
- Eneko Bidegain (Lapurdi)
- Xan Alkat (Nafarroa Beherea)
- Gaizka Sarasola (Nafarroa)
- Idazkaria: Amaia Agirre
Erantzun
Sartu