Irailean 15 ikasle iritsiko dira Europatik Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatera, Erasmus egitasmoaren barruan. Hori dela-eta, fakultatea familia bila dabil, batez ere Debagoienean, prest egongo direnak ikasle horiek hartzeko beren etxeetan. Lau hilabeteko kontua izango da: irailetik abendura, biak barne. Aldi horretan, ikasle horiek ikasi egingo dute, unibertsitate ikasketak osatzera datoz-eta.
Jeneralean ikasle horiek ingelesa dute bigarren hizkuntza, eta ez dute jakiten ez euskararik, ez eta gaztelaniarik ere. HUHEZIn dauden bitartean, ingelesez ikasiko dute. Alde horretatik, komeni da hartuko dituztenek ere ingelesa jakitea. Kasu horretan, aukera oso ona da etxeko seme-alabek ingelesez hitz egin dezaten aldi batez etxean bertan, eta lagunak egin ditzaten atzerrian, eurek ere kanpora doazenerako.
Diruari dagokionez ere, aukera interesgarria izan daiteke etxeko hipotekak ordaintzen laguntzeko, gela bakarra hartuz gero, 300-350 euro artean ordaintzen baitute errenta hilero.
Formula hau, kanpoko ikasleak familiatan hartzea, asko erabiltzen da Europan, eta baita Ameriketan ere. HUHEZIk ere bide hori jorratu nahi du, abantaila handiak dituelakoan. Inor animatzen bada, egin dezala dei fakultatera: 943 71 41 57, eta galde dezala Txema Egañaz (119 luzapena).
Datozen ikasleetatik, 10 etorriko dira Irakasle ikasketak egitera. Gainerako bostek Ikus-entzunezko komunikazioa aukeratu dute. Erdi Europa eta Eskandinaviatik etorriko dira ikasle guztiak
Datorren ikasturtekoa izango da Erasmus egitasmoaren hirugarren aldia. Lehen urtean 9 ikasle etorri ziren Huhezira. Bigarrenean, 5. Hirugarrenean, berriz, 15.
Erantzun
Sartu