Krisi garaian Real Madrilek 65 milioi eurotik gora Kaka (Ricardo Izecson Dos Santos Leite) jokalariari emateak hautsak harrotu bazituen, marka Cristiano Ronaldo dos Santos Aveirorekin (95 milioi ) hautsi du Florentino Perez jaunak, ACS eraikuntza enpresako buru ere badenak. 300 milioi omen dauka gastatzeko, beraz erdia pasatxo gastatu du. Orain Riveri eta Villa falta dira, eta gehiago...
Cristiano Ronaldori ez dio eraikuntza enpresari ahalguztidunak Portugalgo lan hitzarmena aplikatuko, alajaina... Bere herkide batzuk badakite hori zer den. 12 orduko lanaldia, opor eta jaiegun ukatuak, esplotaziozko soldata mixerableak...
Begira langile portugaldarren esklabutza baldintzak eraikuntzan
Edo irakurri hauxe: «Kontraten kasuan, esate baterako, hormigoiaren munduan portugaldar ugari ari dira lanean, eta oso ohikoa da horiek aste osoa segidan lan egitea, baita larunbatetan ere, igandean jai egiten dute, eta hurrengo astea ere larunbata barne lan egiten dute, eta bi edo hiru astean behin, lau jai egun elkartu eta hartzen dituzte. Baina leher egiten dute asteazken arratsaldean lana bukatu, autoa hartu eta Portugaleraino joaten baitira, zortzi ordu autoan, han hiru jai egun igarotzen dituzte eta itzultzen dira. Zortzi ordu lan egin ondoren, autoa hartu eta Portugalera joaten bazara... Istripurik ez baduzu izaten Jainkoak nahi ez duelako da, inolaz ere». Txosten osoa hemen.
Imaginatzen dut gainera harro asko egongo direla langile portugaldarrok euren futbol izarra fitxaje errekorraz iritsiko delako Madrila. Bernabeurako sarrerak oparituko ote dizkie Florentinok? Jaiegun izango ote dute igande batez sikiera estadiora joateko? Hau mundu arranoa.
Erantzun
Sartu