Iganderako iragarritako txangoa egin genuen, eta argazkiak atera ere bai: 1936-37ko gerrako fronte bateko eszenatokietara bisita. Ez bakarrik reketeen posizio matxinatuenak, Indalezio Ojanguren argazkilari eibartarrak gerra amaitzean ateratako defentsa errepublikarren argazkiak ere eraman genituen, eta bien eszenarioak topatu genituen Eibar inguruan dauden Akondia, Garagoitti eta Kalamua mendietan. Gerrako kontakizunen testuak ere lagungarri izan zitzaizkigun.
Argazkiak.org | Ubegiburutik Kalamua © cc-by-sa: txikillana
Txangoen egindako irudi bildumak ageri dira hemen eta hemen. Baina argazki zahar eta berrien konparazioko pare bat jarriko dizkizuet hemen.
Argazkiak.org | Ubegiburutik Kalamua © cc-by-sa: txikillana
Hemen ikusten den tontorra, han goian, Kalamua mendia da. Goian erreketeak zeuden, eta trintxera honetan, Ubegiburu izeneko lekuan, errepublikarrak. Zaku zahar horiek honezkero konpostatuak daude terrenoan, baina aurkitu genuen puntua argazkirako. Leku honetan, besteak beste, Kalamua gainetik banzai eraso bat egin zuten Lakarko Tertzioko errekete nafarrek: malda zuzen eta irekia da, eta ez dakit espero zuten behekoak lo harrapatzea edo zer, baina txikitu egin zituzten errepublikarrek, han amaitu zen tertzio hura.
Argazkiak.org | Akondiatik Urko © cc-by-sa: txikillana
Beste irudi honek erreketeen argazki bat berregiten du, Akondia mendian zuten gotorleku batetik, errepublikarren lehen trintxera bistan, gaur zaldien bazkaleku. Trintxera hori baino beheraxeago beste hau aurkitu genuen, errepublikarrek egiten saiatu ziren tunela: asmoa zuten tontor azpiraino joan, eta han azpitik lehertu mendiaren gainaldea, sumendia balitz bezala. Plan zoro hori praktikan jarri baino lehen posizioa galdu zuten, eta tunela amaitu gabe dago han, 32 metro sakon.
Ez genituen eszenatoki guztien irudiak berregin. Erreketeen puestomandoa zein maldatan egon zitekeen susmatu bai, baina gaur pinudi itxi bat da hura, Garagoittiko tontorretik gertu.
Irteera honen antolatzaile nagusia Oier Gorosabel blogista izan da, Eibartarrak zerrendaren bidez Interneten egin zuen deialdia. Gorosabelen berba batzuk grabatu nituen bideo honetan:
Akatsa: Garagoittikua (argazkikua) ez dok puesto de mandua, polboriña baiño (horregaittik lehertu zan). Puesto de mandua Tomas Meabe refujixo onduan jeguan.
Interesa dakana, doiala hona:
http://frentesdeeuzkadi.foroactivo.net/forum.htm
Kalamuako fronteko argazki guztien artean "puesto de mando"rena ezin dut kokatu leku konkreto batean...
badakizue zehatz-mehatz non egon zen???