Ahotsak.com proiekturako langile bila
2008ko apirilean aurkeztu zen jende aurrean Ahotsak.com egitasmoa: Ahotsak.com, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea. Proiektu horren helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.
Egitasmo horren inguruan sortu diren betebeharrak gauzatzeko asmoz, elkarteak hiru langile berri behar ditu eta lan-eskaintza kaleratu du bere webgunean.
Langileek ondorengo eginkizunak izango dituzte:
- Ahotsak proiektuaren barruan, jende nagusiari elkarrizketak egin herririk herri, bideo eta audio pasarteak editatu, eta abar.
- Elkarrizketetan jasotako materiala landu, kodifikazioak eta transkripzioak egin...
- Horrekin batera, euskalkien inguruko informazioa bilduko duen Interneteko datu-base bat antolatu eta hornitu.
Hiru arloetako lanek badute harremanik eta, beraz, hiruretarako gaitasuna baloratuko da. Kazetaritza eta antzeko ikasketak ere kontuan hartuko dira. Beharrezkoa izango da gidabaimena izatea, batez ere, lehenengo punturako, Euskal Herriko edozein herritan egokitu daitezkeelako elkarrizketak. Beste bi puntuetan lan-lekua finkoa izango da (Eibarren). Horrekin batera, honakoak beharko dira:
- Euskara maila ona.
- Euskalkiren baten ezagutza.
- Informatika kontuetan eta, batez ere, interneten jantzia izatea.
Interesa dutenek ahotsak@ahotsak.com helbidera bidal dezakete euren kurrikuluma ekainaren 26a baino lehen.
Erantzunak kargatzen...