Atzo zabaldu zituen El Pais egunkari espainiarrak Silvio Berlusconi lehen ministro italiarraren etxeko 5 argazki, gizonezko eta emakumezkoak arropa gutxirekin, ondo pasatzeko tenorean edo.
Villa Certosa, Berlusconiren etxe bat, da nonbait eszenarioa. Gaur esan dutenez biluzik ageri den gizona Mirek Topolanek da, Txekiako lehen ministro ohia. Topolanekek esan du bere irudia ageri dela argazkietan, baina argazki manipulatuak direla.
Berlusconik esan du, bere aldetik, irudi inozenteak direla.
Datorren astean liburu bat irtetekoa omen da, We Berlusconi girls, eta baliteke argitalpen hori berotzera etortzea El Pais-era argazkiak filtratu izana. Seguru aski ez zuten argitaratzailerik aurkituko Italian. Topolanek txekiarrak esan du Europako hauteskundeetara begira "sozialistek" egindako manipulazioa dela.
Liburu horretan esaten denez, Papi esaten omen diote Berlusconiri jai hauetan...
Sinistu ezinezkoa, Berlusconiren PDL-k irabazi ditu hauteskundeak Italian, duela bost urte baino emaitza askoz hobearekin.