Teknologia albisteak

Navajo Immersion 101: orain badakigu zertxobait navajoei buruz!

Erabiltzailearen aurpegia
Ana I. Morales
2009-06-01 : 11:06

Joan den ostiralean Vanessa Schmittek Navajo Immersion 101 izeneko hitzaldia eman zuen Deustuko Bidarte Udaltegian. Argazki eta irudien laguntzaz, Schmitt irakasleak adi-adi eduki gintuen Navajo Herriaren kultura eta historiaren oinarrizko kontzeptuak aurkeztuz, hizlari bikainaren bizitasun eta argitasunaz. ...Eta, zer ikasi dugun kontatzen hasi baino lehen, esan dezadan joan den ostiraleko aukera galdu zutenak suerteko daudela, zeren, datorren ostiralean, ekainak 5, gaueko 9etan, Roge Blascok elkarrizketa egingo baitio Radio Euskadin Vanessa Schmitt irakasle navajoari La Casa de la Palabra saioan. Benetan merezi du: ez galdu.

Navajoen gizartea klanetan egituratua dago eta matriarkala da. Pertsona bat bere amaren klanekoa da (heredentzia ere amaren bidez transmititzen da), eta, horretaz gain, lotura dauka aitaren eta aitita bien klanekin. Bestalde, gizarte exogamoa da: gizon bat eta emakume bat ezin daitezke ezkondu klanen bat berdina badute. Bikote bat ezkontzen denean gizona emakumearen klanera ezkontzen da. Navajo batek bere burua aurkezten duenean beti esaten du bere izena eta zeintzuk diren bere klanak.

Lurra sakratua da navajoentzat, eta harmonikoa. Badauka ordena jakin bat, eta errespetatu egin behar da. Navajoen aberria Dinetah deitzen da (dineh da navajoek euren buruari ematen dioten izena, eta "jendea" esan nahi du). Estatu Batuetako mapari begiratuta, Navajo Nation delakoak Utah, Colorado, Arizona eta New Mexiko estatuak elkartzen diren eremu bat (70.000 km2, Lituaniaren tamainakoa, beraz) hartzen du. Orain milaka urte ibaiz betetako eremu tropikala zena gaur egun basamortua da, baina navajoen istorio tradizional askok iragan berde eta urtsu hura gogoratzen dute. Lau mendi sakratuk markatzen dute navajoen aberria, lau puntu kardinaletan daudenak. Gaur egun 170.000 bat navajo bizi dira erreserban, eta Estatu Batuen lurralde osoa aintzat izanik, berriz, 300.000 bat mila.

Pertsona bat ofizialki navajotzat joa izateko, gutxienez %25ean izan behar da navajo odolez. Hori egiaztatzeko gai den pertsonari Odol Navajoaren Agiria ematen zaio.

Historia

Historikoki, Estatu Batuetako gobernu federalaren politikak lau etapa nagusi izan ditu navajoei buruz:

  1. ezabaketa, hau da genozidioa;
  2. lekualdaketa eta esiraketa ("containment");
  3. asimilazioa (ume navajoak barnetegietara joaten behartuz);
  4. erreserbak (gaur egungo autonomiak).

Navajoen historiak markatu duen pasarte oso garrantzitsu bat bigarren fase horretan gertatu zen, gobernuak plan bat egin zuenean indio guztiak Oklahomara eraman eta bertan esituta edukitzeko. Horretarako lehen pausoa, navajoei dagokienez, euren aberritik Fort Sumner edo Bosque Redondo izeneko lekura oinez joanaraztea izan zen. Helburua: euren morala suntsitzea. Horrela, 1864an navajoek Ibilaldi Luzea izenekoa ri (400 bat kilometro oinez) ekin behar izan zioten soldaduez inguratuta.

Historiako pasarte dramatiko horretan milaka navajo hil ziren, soldaduek eurek erailak, gosez, nekazioz edo etsipenez. Hizlariak une lazgarri hori gogoratzen duen poema baten zati bat irakurri zuen, Luci Tapahonso idazle navajoarena. Hemen daukazue, Iñigo Roquek euskaratua.

Gobernuaren lekualdatze plana frakaso hutsa izan zen, eta lau urte geroago geratzen ziren navajoei euren aberrira itzultzen utzi zieten, navajoen buruzagiak gobernuarekin lortutako tratatuari esker.

Hizkuntza eta sinbologia

Navajoen hizkuntza, apatxeena bezala, atapaska deritzon familiakoa da. Harrigarria bada ere, ez dauka ingelesetik hartutako mailegurik, eta hitz gutxi batzuk espainoletik hartuak. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik hizkuntza biziberritu eta sustazeko neurriak daude abian, eta badaude navajoz irakasten duten eskolak erreserban. Orain programa piloto bat daukate umeei hezkuntza elebiduna emateko, ingelesez eta navajoz. "Rosseta Stone" hizkuntzak modu interaktiboan irakasteko programaren navajorako bertsioa ari dira prestatzen orain. Navajoen hizkuntzak aparteko protagonismoa hartu zuen Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuetako gobernuak hiztun navajoak hartu zituenean irratiz mezu zifratuak transmititzeko. Pertsona hauek (the"code talkers") kode sekretu bat sortu zuten navajo hizkuntzan hilabete batean eta hiru hilabetez transmititu zituzten mezu sekretuak Japonen kontrako bonbardaketa guztiak antolatzeko. Haiek barik Bigarren Mundu Gerra oso bestela amaituko zen Estatu Batuentzat.

Navajoen hizkuntzak ez dauka hitz jakin bat erlijioa adierazteko, "filosofia" adierazten duen terminoaz aipatzen dute munduari eta espiritualitateari buruzko ikuspegia, eta filosofia horrek "Edertasun Bidea" du izena. Navajoen sorrerari dagokionez, bi izaki sakraturen elkartzeari zor zaio: Emakume Aldakorra (ama lurra) eta Zeruen Aita (ortziaren eta konstelazioen aita). Navajoentzat errealitate guztik daukate alde femeninoa (eskuina) eta maskulinoa (ezkerra).

Navajoek lau puntu kardinalei erreferentzia eginez antolatzen dute mundua (euren lau mendi sakratuen kokalekuak), baina mendebaldarrek ez bezala, ekialdea ipintzen dute goian, horixe baita punturik garrantzitsuena, eguzkia hortik sortzen delako. Puntu kardinal bakoitza kolore bati eta ekintza bati lotua dago (eguzkiak egiten duen ibilibidearekin bat datozenak): Ekialdea (zuria: pentsatu); Hegoaldea (urdina, planifikatu); Mendebaldea (horia, egin); Iparraldea (beltza, ebaluatu). Navajoen etxe tradizionala, hoogan delakoa, egurrez eta basaz egindako eraikuntza oktogonal bat da, iglu baten antzekoa. Unibertsoa irudikatzen du, teilatua zerua da eta gainerakoa, berriz, lurra, eta honen atea ere beti dago ekialderantz, eguzkiari begira. Navajoek egiten dituzten irudi eta artelan guztietan artistek beti egiten dute akats bat apropos: ekialderako ate horren funtzioa betetzen du. Irteera bat da, mugimendua egon dadin, ezer ez dadin gelditu barruan harrapatuta. Denbora ere zirkularra da navajoentzat.


Kartel elebidunak erreserban. Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Matsubatsu

Navajoek mimoz zaintzen dituzte euren zeremonia tradizionalak, horien artean Bebetxoaren Lehen Barrea ospatzekoa, umeari aurrenekoz barre eragin zion pertsonak antolatzen duena.

Navajoentzat aberastasuna ez da neurtzen ondasun materialetan, jakiturian baino. Zenbat eta jakintsuago, aberatsago. Itzal handieneko pertsonak navajoen gizartean hezitzaileak, artistak, kantariak, osagileak, hizlariak dira.

Honi guztioni lotua, Schmitt irakasleak navajoen zenbait sinboloz ere hitz egin zuen, horien artean kiribila, betiere eguzkiaren bidearen arabera marrazten dutena (erlojuaren orratzen zentzuan). Kiribilak bizitza eta haizea, eta beraz mugimendua, adierazten ditu. Gure gorputzean ere badago, hatzamarren puntan (atz marketan) eta buruko ilea hazten den lekuan daukagun zurrunbiloan. Gorputzaren parte horiek oso garrantzitsuak dira navajoentzat, espiral horiek jainkozkotasunarekin lotzen dituzten pasabide edo ateak direlako. Horregatik uzten dute ilea luze, babesteko, eta horregatik izan zen hain traumatikoa umeentzat barnetegien garaian ilea moztera behartzea.

Navajo herria oso zigortua izan da azken 200 urteetan: genozidioa, bazterketa eta asimilazio sistematikoaren ondorioak ez dira egun batetik bestera desagertzen, eta euren aurpegi itsusiak gaur egun pobrezia, alkoholismoa eta gazteen suizidio tasa handia dira. Menpekotasun ekonomiko erabatekoa dute Estatu Batuekin, eta hori eragozpena dute autonomian aurrera egiteko: 60ko hamarkadan uranioa aurkitu zuten navajoen lurretan, eta 50 urtez esplotatu ziren meategi horiek, baina hori pozoia da lurrarentzat, eta eten egin dute horregatik. Kasinoa zabaltzea izan liteke ekonomia bultzatzeko beste bide bat, baina oso gai eztabaidatua da hori navajoen artean, horrek aldean ekarriko lituzkeen bestelako ondorioengatik.

Edozelan ere, navajoek bizirik jarraitzen dute, eta aurrera egiteko indarrez eta gogoz. Ez da ahaztu behar, navajoen izaera nabarmentzen duten azken bi balioak harrotasuna eta errespetua direla: harrotasunak identitate zentzu sendoa eta batasuna eman die, eta errespetuak inguruko herri eta kulturekin zubiak egitera bultzatzen ditu. Bejondeiela!

Erantzun

Sartu