Haserrea eta ezintasuna
2009-05-31 10:05
Ertzainak etortzearekin bat (patruila, istiluen kontrakoak eta polizia sekretuen artean 19 bat guztira) eta udaltzainetako batekin hizketan jarraitzen genuen bitartean, gu indarkeriarekin geldiarazten hasi ziren, makurraraziz eta mehatxatuz. Gainerakoak egoera ulertezin haren aurrean aho-zabalik zeuden autobusaren barruan; bada, zenbait ertzain barrura sartu ziren eta indarkeriaz eta borrarekin kolpeka, zoriz aukeratutako lau atera zituzten kanpora, esku-burdinak jarri eta lurraren kontra geldiaraziz.
Hori egiterakoan, lau atxilotuok borra kolpeak jaso genituen, baina horretaz gain, behin lurrean, gutako bati, esku-burdinak jarrita, ahuspez, eta babesik gabe zegoela, borrarekin eman eta sudur-tabikea hautsi zioten. Eta garbi utzi behar dugu momentu batean ere ez geniela aurre egin eta are gutxiago ez genuela indarkeriarik erabili agenteen kontra.
Izandako salaketak eta jasandako tratua kontuan hartuta, egokia iruditu zitzaigun Zarauzko ordezkari politikoengana jotzea eta gertatutakoa azaltzea. Gertatutakoa kontatu genien eta orientatu egin gintuzten. Euretako batzuek beren babesa eman ziguten eta gau hartan gertatutakoaz hobeto informatzen saiatu ziren, baina behin ere ez gintuzten animatu gertaerak publiko egin eta salatzera.
Gaur egungo egoera da gutako lau epaiketaren zain gaudela, agintaritzaren kontrako desobedientzia eta erasoa leporatuta. Gure aldetik, salaketa jarri genuen ertzainen kontra, gau hartan jasandako lesio fisikoengatik eta baita ere telefono mugikor baten galeragatik.
Azkenik, nabarmendu behar ditugu zabalik dagoen prozesu judizialaren aurrean sentitzen ditugun haserrea eta ezintasuna, eta salatu nahi dugu gau horretan parte hartu zuten agenteen jokaera neurriz kanpokoa.
MARMOL FUTBOL TALDEA
Erantzunak kargatzen...