Googleren Street View kaleko ikusmirak hartzeko erabiltzen den Immersive Media etxearen teknologia erabili zuen Digitalak ikus-entzunezkoen ekoiztetxeak, joan den asteazkenean film biribil bat grabatzeko San Mamesen.
Irudia 360 gradutan grabatzen da, eta leihoan ikusten dena saguaren mugimenduekin edo ageri diren kontrolekin aldatu daiteke, nahi duzun unean eszena jakin bat ikusmira batetik edo bestetik ikusteko. Bideo biribil hau Zuzeu albistarian ere azaldu da.
Digitalak-ek San Mamesen jarri zuen kamarak 12 begi ditu, baina irudi bakarra grabatzen da: aparailuarekin batera doan ordenagailuak film bakarra grabatzen du disko gogorrean. Makinarekin datorren softwareak funditua egiten du 12 irudien artean, eta argi kondizioen kalkulua ere egiten du, zeren norabide batean eguzkia edo argi foko bat parez pare badugu, justu kontrakoan dagoena ere grabatu beharra dago, alderantzizko argi-baldintzetan. Beraz, ez da post-prozesamendu askorik behar, grabaketaren unean lortzen da produktu biribila, nolabait esateko.
GPSko datuak ere grabatzen dira disko gogorrean, une bakoitza zein tokitan grabatu den. 12 begiko kamera tripode baten gainean joan daiteke, edo auto baten gainean lotzeko moduak ere egoten dira, kalez kaleko grabaketa horiek (Street View estilokoak) baitira tresna honen aplikazioetako bat. Segurtasun kameren alorrean ere ba omen du etorkizunik teknologia honek.
Oregon-eko Immersive Media etxearen teknologia honen Euskal Herrirako agentea da orain Digitalak ekoiztetxea.
Erantzun
Sartu