Sustatu logoa Teknologia albisteak

Athletic-Bartzelona: 1-4 argia, eta ereserkiaren eskandalua, TVEren bizkar

Sustatu
2009-05-14 11:05

Athletic 1 - FC Barcelona 4. Gainerakoan, ondo joan zen zuzeneko jarraipena. Futbolean, gehiago izan zen Barça eta ez dago eztabaida handirik horretan. Gogoratzekoen alorrean, Espainiako himnoarekin eskandalua, Euskal Herritik eta Kataluniatik joandako zaletuek baino, TVEk egin zuen zentsura-saio edo txapuza moduko batekin: himnoa ematen hasi zirenean, konexioa eten zelaiarekin!

Eguneraketa, 12.30. Gure porran, bik asmatu zuten emaitza, ander eta birasuegi lagunek. Zozketa egin dugu, eta Anderri tokatu zaio saria, Bartzelonaren elastiko bat.

Himnoa jotzeko garaia iritsi zenean, bi taldeak zutik zelai erdiaren alde banatan, TVEk konexioa eten eta Bilboko irudiak ematen hasi zen, San Mames eta Areatzakoak. ETBk irudi arruntekin jarraitu zuen, himnoa jotzen zela, travelling bat bi taldeetako jokalariak ikusteko. Zarata handia entzuten zen, eta ezer argitik ez zen desberdintzen. Gainera, Pedro Mari Goikoetxea esatariak iruzkinak egiten jarraitu zuen.

TVEk giza-errore bat aipatuz, atsedenaldian egin zuen halako muntaketa moduko bat. Baina errorea baino gehiago, Espainiako hedabideek uste dute zentsura gertatu zela. Irakurri adibidez: Meneame, El Pais, El Mundo. Marcak TVEri zurrupatu dizkio irudiak. Eta guk Marcari, Euskaltubera igotako bideo horretan.

Zuzeneko jarraipena egiten, konturatu ginen TVEk ez zuela eman, eta harrituta geratu ginen. Atzoko jarduna artxiborako hemen utzi dugu, Athletic - Bartzelona final gogoangarri baten idatzizko erretransmisio kolektiboa. Eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu