David Pogue kazetariak salatzen du NYT egunkarian idatzi duen azken artikuluan, aparailu elektronikoetako egileek engainatu nahi izaten gaituztela ezaugarri zenbait ezinbestekotzat salduta, benetan ez direnean. Eta zenbait adibide jartzen ditu.
Saltzeko orduan, amua beti izaten da zooma, zer ahalmen duen bideo kamerak zooma egiteko, objektuak edo pertsonak hurbilago ikuste aldera. Pogue-ren ustez, horrek ez du askorako balio, jakinda, gainera, zenbat eta gehiago erabili zooma, irudiak ezegonkorragoak direla. Zenbat aldiz ikusten duzu profesionalek egindako filmetan zooma erabiltzen dutela? Oso gutxitan. Horren ondoan, askoz ere inportanteagoa da objektibo angeluzabala izatea, ahalik eta panorama zabalagoa hartzeko.
Zer saldu nahi digute argazki kamera iragartzen digutenean? Megapixelak. Egia esan, hasieran inportanteak ziren, megapixel bateko edo biko argazkiak oso kaskar ikusten zirelako berauek handitzerakoan. Baina argazki kamera gehienak behin iritsita bost edo sei megapixelera, horrek galdu egin du garrantzia, dio Poguek. Horren ordez, sentsorearen neurria da inportantea. Zenbat eta handiagoa izan sentsorea, kamerak sentiberatasun handiagoa izango du argiarekiko, esan nahi baita, argazki lauso gutxiago aterako ditugula.
Telefono etxeek dioskue estaleremua dela inportantea, kobertura, hori da hitz-fetitxea. Egia da bezerook horixe nahi izaten dugula, baina, kasurik gehienetan, enpresek ez dute agindutakoa betetzen, beren eskaintzan sekulako zuloak izaten dituztelako. Poguek aitortzen du zaila dela leku guztietan estaleremua bermatzea, eta, horregatik, konpainiak saiatu beharko lirateke beste arazo batzuk konpontzen, hala nola bezeroarekiko arreta, zigorrak konpainiaz aldatzeagatik, etab.
Enpresa gehienek prezioa saldu nahi izaten digute, horixe bakarrik balitz inportantea. Egia esanda, zenbait jende horretan baino ez da fijatzen, baina prezioa barik, balioa da hitz gakoa. Pozik egon zaitezke ordenagailu baten prezioarekin, baina ez berau saldu ondoren eskaintzen dizuten zerbitzuarekin.
Beraz, aparailu elektroniko hauek erosterakoan, utzi alde batera saltzaileek ipini nahi dizuten amua, eta aintzat hartu beste faktore horiek.
Erantzun
Sartu