Hitza egunkariari orain arte Lea-Artibaiko Amankomunazgoaren bitartez biztanleko eta urteko euro eta erdiko diru laguntza ematen izan dioten udalek kopuru hori 2009ko aurrekontutik kentzea erabaki dute. Ondarroa, Lekeitio, Markina-Xemein, Etxebarria, Ispaster, Ziortza-Bolibar, Amoroto eta Mendexako udalek, beraz, ez diote diruz lagunduko aurten Hitzari Amankomunazgoaren bidez.
Berriatua, Aulesti, Munitibar eta Gizaburuagako udalek, berriz, udal modura laguntzen diote euskarazko egunkariari (biztanleko eta urteko hiru euro), eta horrela egiten jarraituko dutela iragarri dute.
Joan den apirilaren 28an egindako batzar nagusian onartu zituzten Lea-Artibaiko Amankomunazgoaren 2009ko aurrekontuak, eta horren barruan erabaki zuten LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAri bideratzen zitzaion diru partida ezabatzea. 35.000 euro ziren aurtengorako aurreikusita zegoen diru laguntza eta bertan behera laga dutena.
Erabakia berraztertzeko eta alkateekin batzeko eskaria
Diru galera horrek HITZAn eragin dezakeen kalteari buruz «ez zen ezer komentatu» aitatu batzar nagusian, Jesus Mari Sarasua lehendakariak aitortu duenez. «Egoera ekonomikoak behartuta hartutako erabakia» izan dela baieztatu du Sarasuak, eta «Amankomunazgoak oinarrizko zerbitzuak bermatzeko aurrekontuak» onartu dituela.
Erabakia, baina, «ezusteko itzela eta kolpe gogorra» izan da Lea-Artibaialdeko Hedabideak SM enpresarentzat, bertako Administrazio Kontseiluko kideen esanetan.
Atzo bertan, HITZA egunkariko zuzendariak eta kudeatzaileak eskari gutuna eman zioten Lea-Artibaiko Amankomunazgoko lehendakari Jesus Mari Sarasuari, «alkate guztiei erabaki hori berraztertzea eska diezaien».
Era berean, urtea hasi zenetik hirugarrenez, HITZAren diru laguntza Amankomunazgoaren bidez eman izan duten udal guztietako alkateekin batzartzeko eskaria egin dute euskarazko egunkariko ordezkariek. «Maiatzean gaude, urtean aurrera goaz eta oraindik ez dugu lortu alkateekin batzartzerik ere, urte hasieran batzar eske hasita». Bihar edo datorren martitzenean direla alkateak batzekoak, eta «gaia aterako dela» berba eman zuen Amankomunazgoko buruak.
Iaz baino 280.000 euro gutxiagoko aurrekontua
Guztira 4. 700.000 euroko aurrekontua onartu berri du Lea-Artibaiko Amankomunazgoak. 280.000 euro iaz baino gutxiago. Kide diren udalek hornitzen dute aurrekontuaren %55 (2.600.000 euro), %2,5 onuradunen tasetatik eta salmentetatik ateratzen da, eta gainontzeko dirua Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik.
Pertsonalaren gastuetan ez dute aurreikusi murrizketarik 2009- rako. Atal horrek 1.700.000 euro hartzen ditu. «Aurten ez zaio ikutu nahi izan pertsonalaren atalari, baina aurrerantzean, akaso, egon daiteke murrizketaren bat etxez etxeko laguntzetan edo eta azoken antolaketako lanean».
Aurtengo aurrekontuak «egoera ekonomikoaren isla dira» Lea-Artibaiko Amankomunazgoko ordezkarien esanetan: «Azoka batzuk kendu egingo dira, gizarte prebentzio eta hezkuntza arloko hainbat ekintza ere bai, Tokiko Eskola Agenda 21erako aholkularitza tekniko zerbitzuak ere kendu dira...».
Bederatzi azokatik, bostera
Garapen Ekonomikorako Zerbitzuak antolatzen dituen azoken egutegia ia erdira murriztuko da aurten. 2008an bederatzi azoka egin baziren, aurten bost egingo dira. Hauek dira kendu direnak: Etxebarriko zaldien azoka, Lekeitio zein Ondarroako sagardo eta okela egunak, Lekeitioko hegaluzearen azoka (urte bitik behin egin izan dena), eta Ispasterko azoka.
Berriatuko kontserba azoka eta Ondarroako Antxoa Eguna egin egin dira, «aurrekontuak onartu direnerako antolatuta zeudelako jada». Azoken egutegia 2010erako berraztertu egingo dutela esan dute, «egoera ekonomikoa aintzat hartuta».
Gizarte zerbitzuetan kuotak igoko dira hilaren 29tik
Etxez etxeko laguntza zerbitzuan eskatzaileak asko ugaritu dira azken urteotan, «batik bat Menpekotasun Legea onartu zenetik 2006an». Momentuz, baina, finantzazioa ez da gehitu erakunde publikoen aldetik. Beraz, erabiltzaileen kuotak dira igoko direnak.
2001etik ez ditu etxez etxeko laguntzaren kuotak igo Lea-Artibaiko Amankomunazgoak. «Aurten kuota eguneratu egingo da, eta hilaren 29an sartuko da indarrean erabiltzaile berrientzat». Lehendik ere erabiltzaile direnei, ostera, kuota berriak abuztu aldera ezarriko dizkiete, %50eko beherapenagaz. «2010ean guztiei berdin kobratuko zaie».
Etxez etxeko laguntza jasotzen dutenak 180 kasu dira gaur egun (kasu batzuetan pertsona bat baino gehiago dago etxe bakoitzean).
Marierrotako proiektua, finantzazioaren zain
Marearen indarraz zebilen errotaren berreraikuntza eta bertan interpretazio zentroa egitea ere ikutu du aurrekontuaren beherakadak. «Proiektua diseinatuta dago, baina finantzazio nahikoa lortu bitartean ez dago onartuta». 640.000 euroko aurrekontua dauka guztira.
Hondakinen bilketa «aldaketa batzuk sartuta» 38.000 euro merketu du Amankomunazgoak
Animo HITZAlariei, sekulan ez da esperantza galdu behar, akaso EAJko alkateek euskararen alde egiten ez dutena egingo du-eta LOPEZen jaurlaritzak.