Banketxeen arteko transferentzien linboa
Onenean, zuk dirua ordaindu eta lagunak egun bat beranduago jasoko du, nahiz eta bi banketxeen sukurtsalak 10 metrotara egon, beraien izenean biek "Kutxa" euskarazko hitza eraman eta azkeneko teknologiaz hornituta egon.
Baina okerrago ere izan liteke. Demagun jai egun baten bezperan arratsalde aldera agintzen duzula transferentzia (aurtengo apirilaren 30ean adibidez, ostegunean). Bada, litekeena da zure lagunak asteartean jasotzea diru hori.
Galdetu sukurtsalean, eta finantza munduko azalpen tekniko burutsua emango dizute: "egun baliodunak", hurrengo egunean ordaintzen dutela eta abar.
Baina niri ez dit balio. Kontua da beti gordetzen dutela gutxienez egun batez zure dirua beraien linboan, ez dakit zein tramiteren zai. Pentsatu zenbat transferentzia egiten diren egunero eta zenbat irabazten duten egunero tontakeria horrekin.
Noiz konponduko ote da hau?
Muturreko kasua
Duela zenbait urte prentsan irakurri genuen muturreko kasu absurdua:
Pertsona batek ordainketa handi bat egiteko taloi konformatu bat behar zuen. Dirua eskudirutan zeukan eta bere ohiko banketxera joan zen. Diru sarrera egin eta kopuru berdinagatik taloi konformatu bat eskatu zuen. Egin zioten.
Hurrengo egunean kontu korrontean egun bategatik zorpeko interesak kobratu zizkioten. Izan ere, diru sarreren balio eguna sarrera egin eta hurrengoa izaten da, aldiz ateratzeena egun berean.
Kasu honetan ez zegoen banku arteko transferentziarik, baina argi erakusten du nola denborak zentzu batera edo bestera aplikatzen diren interesaren arabera.
Erantzunak kargatzen...