Teknologia albisteak

Sustatu eduki librea (cc-by-sa) izango da aurrerantzean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-05-04 : 13:05

Hemendik aurrera, Sustatu eduki librea izango da. Hemen agertuko direnak Creative Commons Aitortu Partekatu (cc-by-sa) lizentziak babestuko ditu.

Era berean, edukien erabilerari buruzko politika definitzen saiatu gara.

Edukia kargatzeko orduan, erabiltzaileak lizentzia hori onartu behar du orain bidalketa egiteko garaian. Salbuespenak aztertzeko prest gaude, eta horretarako kontaktu-orria erabili mesedez.

Lizentzia hau erabiltzeak eta Sustatu eduki librea izateak funtsean zera esan nahi du: edonork erabil ditzake hemen agertzen diren testuak. Eskubidea duzu zuk, eta eskubidea dute beste pertsona eta erakunde guztiek:

  • Hemengo testuak norberak nahi duen tokian berrargitaratzeko.
  • Testuen kopiak egiteko.
  • Testuotan oinarritutako lan eratorriak egiteko, erabilpen komertzialak barne (liburu batean bildumaren bat egiteko, adibidez).
  • Testuak erabiltzeko euskarazko Wikipedian artikuluak dokumentatzeko, hemen deskribatutako prozesua bururaino iristen denean.

Baina eskubide horiekin batera, betebeharrak daude:

  • Egiletza aitortu behar duzu. Artikuluaren bidaltzaileari zor zaio egiletza hori, ez Sustatu.com webguneari. Hala ere, jatorria aipatzeko orduan Sustatuko artikulura esteka egingo duzula espero dugu.
  • Baldintza berean banatu behar duzu lan eratorria edo egiten duzun kopia edo dena delakoa.

Orain artekoak zer?

Lizentzia 2009ko maiatzaren 1etik aurrera argitaratutako edukiei dagokie, data horretatik aurrera erabiltzaileek espreski onartu baitute bidalketa formularioko lizentzia. Hori baino lehenago, Sustatuk ez du izan lizentziarik edo besterik, halako linbo batean egon da hemen argitaratutakoa 2001en urtetik... Erabiltzaileek tarte horretan kargatu duten materialari guk lizentzia jakin bat ezartzeko eskubiderik ez dugula uste dugu, eta hor jarraituko dute eduki horiek, lizentzia edo eskubide aipurik gabe, orain arteko linbo horretan.

Sustatura iraganean kargatu dituzun artikuluen jabetza, lizentzia eta eskubideez esatekorik baduzu, mesedez idatzi kontaktu-orria erabilita. Sustatu izenpe editorialarekin 2001etik hona argitaratu izan diren testuak, ordea, lizentzia honekin liberatzen ditugu.

Beste toki batzuetatik hartutakoak Sustatun?

Beste toki batzuetako edukiak Sustatun berrargitaratzeko politika eta irizpideak ere zehazten saiatu gara. Kasuistika luze eta beharbada nahasia irudituko zaizue, baina argi idazten saiatu gara. Ez bada ulertzen, galdetu lasai. Kasuistika osoa tratatzea zaila dela ere jakin badakigu.

Erantzun

Sartu