Sustatu logoa Teknologia albisteak

'Elhuyar' aldizkariak itxura eta eduki berriak izango ditu maiatzeko zenbakitik aurrera

Elhuyar Fundazioa
2009-05-04 10:05

Informazio emateko era aldatuko da, beraz, eta ulerterrazagoa izango da irakurlearentzat. Elhuyarrek duen zorroztasuna galdu gabe, ikuspegi berritzaile eta modernoago batetik iritsiko zaizkio irakurleari zientziari eta teknologiari buruzko berriak. Hori horrela, atal berriak izango ditu aldizkariak, besteak beste, hauek: Mundu ikusgarria, Mundu digitala, Istorioak, Liburutegia, Gogoetan…

Maiatzeko alea

Maiatzeko gai nagusia hazi transgenikoak eta horien erabilera nekazaritzan izango da. Hiru artikulutan barrena, hazi transgenikoen auzia aztertu du aldizkariaren maiatzeko zenbakiak. Hasteko, EHUko irakasle Leire Escajedok eta José Ramón Mauleónek ikuspegi global batetik aztertu dute transgenikoen erabilera nekazaritzan. Bioteknologiako gaiei buruzko araudietan aditua da Escajedo; Mauleón, berriz, nekazaritzaren eta elikadura-sistemaren soziologian. Ondoren, Mertxe de Renobales ikertzailearen laguntzarekin, hazi transgenikoak zer teknikaren bidez sortzen diren aztertu da, eta, azkenik, nekazaritza ekologikoan diharduen Jon Harluxetekin izan da aldizkaria.

Horrez gain, Donostian ireki berri duten CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa bisitatu du aldizkariak, nanoeskalan ikertzeko baliagarria den eraikin batek dituen berezitasunak ezagutzeko. Izan ere, oso eskakizun zehatzak bete behar ditu halako eraikin batek. Azkenik, zebra-arrainari buruzko erreportaje bat argitaratu da zenbaki honetan. Ikerketa-laborategietan geroz eta gehiago erabiltzen da arrain hau eredu gisa, eta AZTIn proiektu bat jarri duten martxan, metodologiak bateratu eta eraginkortasuna handitzeko.

Aldizkari berriaren lagina ikusteko sartu www.zientzia.net/elhuyar webgunean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren maiatzeko zenbakia, salgai dago jada.

Harpidetza-kanpaina

Bestalde, harpidetza-kanpaina bat ere jarri da martxan. Harpidedunek 49,5 €-ren truke urtean 11 ale jasoko dituzte (uztaila eta abuztuan aldizkari bakarra argitaratzen da), eta opari moduan ordenagailu eramangarriarentzako motxila bat jasoko dute. Gainera, harpidedunek % 20ko deskontua izango dute Elhuyarren katalogoko produktuetan. Hala ere, nahiago duenak aldizkaria kiosko eta liburu-denda nagusietan eskuratu ahal izango du 4,5 €-ren truke.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu