Teknologia albisteak

5. mailako pandemia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-04-30 : 11:04

Osasunaren Mundu Erakundeak erabaki du 6 mailako eskala batean, Mexikon sortutako txerri-gripearen epidemia, 5. mailako pandemia bat dela orain. Gaixotasunaren larritasunaren seinalea baino gehiago, irizpide geografikoa da kontua.


Argazkiak.org | Gripearen pandemia mailak © cc-by-sa: herri.admin

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME euskaraz, WHO ingelesez, World Health Organisation) darabilen pandemia eskalan 4. postutik 5.era igo dute Mexikon sortutako txeri-gripearen epidemiaren kalifikazioa.

OMEk hemen azaltzen du zer den hori. Funtsean, pandemien eskala hau gripe epidemiei dagokio, eta zera da maila bakoitzaren adierazgarria:

  1. Birusa animalien artean dabil.
  2. Animalietatik gizakiren batek birusa jaso duela baieztatu da.
  3. Gizaki batengan baino gehiago, komunitate baten maila lokalean agertu da birusa, baina transmisioa animalietatik izan da.
  4. Gizakien arteko transmisioa egiaztatu da nonbait.
  5. Estatu batean baino gehiagotan gertatu da transmisioa, baina OMEren erregio batean bakarrik.
  6. OMEren erregio batean baino gehiagotan, zenbait herrialde edo estatutan agertu da birusa.

OMEren erregioak kontinente mailako eskualdeak dira, hemen ikusten da nola sailkatu duten mundua. 5, mailan egonik pandemia, OMEk bakarrik Ipar Amerikako kasuak egiaztatzen ditu oraingoz. Baina munduko beste herrialde eta kontinente batzuetan ere agertu omen direnez, badirudi 6. maila dekretatzeko unea laster izango dela. Gaitza larriagoa denik baino gehiago, hedatuago dagoela adierazi nahiko du horrek.

Erantzun

Sartu