Teknologia albisteak

Txerri-gripearen berri Mexikotik

Erabiltzailearen aurpegia
ItziMex
2009-04-28 : 10:04

Ez naiz Mexiko Hirian bizi, handik 130km-tara dagoen Puebla hirian baizik. Hemen ez da oraindik biztanleriarako arau ofizialik egin, baina gero eta maskara gehiago ikusten da kaleetan. Gaur ere maskarak banatzeari ekin dio nire lantokiko administrazioak. Itziar Aretxaga astrofisikaria da ItziMex, Sustaturen laguna da Facebook-en, eta ohartxo hau idatzi zigun lehengoan. Orain kontu larriagoekin datorkigu.

Atzo erosketatan nengoela, 1000 bat lagunen artean 3 maskaradun ikusi nituen. Gaur lanera etortzerakoan, bosten bat 200 lagunen artean. Etxera bueltatzerakoan %10-15 bitarteko maskara erabilera antzeman dut kaleetan. Jendea trankil dago, gehien batean.

Oinarrizko ikerkuntza institutu batean egiten dut lan, eta hirugarren mailako (doktoradutza/masterreko) 300 ikasle ditugu bertan. Zenbait ikastetxe ateak ixten aritu dira gaur Pueblan ere. Haurdun dagoen nire ikerkuntza ikasle bat etxera bidali nuen ostiralean, larrialdia pasatzen den arte eta informazio gehiago dugun arte. Besteak, oraindik hemen, lanean.

Biharko herri oso-osoan klaserik gabe gaude, ez bakarrik haurrak, baizik eta maila guztiko ikasleak (gureak ere).

Mexiko Hiritik etorri berriak diren nire bi lagunek esaten dute DF huts baino hutsago dagoela. Baina bizitza aurrera doa, eta nahiz eta haurrak klaserik gabe egon, gurasoek lanera joan behar. Ikusiko dugu zer arau berri jarriko duten DFen...

Denok jakin badakigu, Puebla eta Mexiko Hiria horren gertu izanik, hor birusa badago, hemen ere egon behar duela. Bi hirien arteko biztanlerien joan etorriak ugariak dira: egunero 100,000 pertsona inguru mugituko dira bi hirien artean edo.

Bitartean, zuek Euskal Herrian bezala nago, egunkari, irrati eta telebisten bidez berriak jasotzen... Ea hau laster pasatzen den... Ondo gaude oraindik. Arretaz, baina izurik ez.

Erantzun

Sartu