Teknologia albisteak

Gogoeta euskalgintzaz eta bertso-eskolez

Erabiltzailearen aurpegia
ALBE
2009-04-23 : 10:04

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) gogoeta-saio bat antolatu du larunbat honetarako Algortako Kultur Etxean. Gotzon Loberak eta Koldo Tapiak euskalgintzaz eta bertso-eskolez hitz egingo dute.

Algortako Bertsolari Eskola 1980. urtean sortutako elkartea da. Sorreratik bertsolaritzaren transmisioaren, sustapenaren eta ikerkuntzaren alde jardun du Bizkaiko Uribe Kostako eskualdean eta batik bat Getxon. Egun zeregin horretan jarraitzen du, bertsolaritzaren alde lan eginez, bertsogintza sustatuz, bertsolariak sortuz eta bertsozaleei euren zaletasunaz gozatzeko aukerak emanez.

2010ean 30 urte beteko ditu ALBEk. Urteurrena bera ospakizun handia izanagatik, eskolak egindako ibilbidearen mugarri eta aurrera begirako pausoen abiapuntu bihurtu nahiko luke data seinalatua. Hori dela eta, 2009ko udaberrian gogoeta-saio ireki bat antolatu du. Saioa apirilaren 25ean izango da, hurrengo larunbatean, Algortako Kultur Etxean. Egun horretarako egitaraua eta datuak hauexek dira:

EUSKALGINTZA MUNDU GLOBALIZATUAN

Hizlaria: Gotzon Lobera

Bizkaiko Foru Aldundiko Hizkuntza Politikarako Zuzendari ohia eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea

Ordua: 10.30

BERTSO-ESKOLEN ERRONKAK XXI. MENDEAN

Hizlaria: Koldo Tapia

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Idazkari Nagusi ohia eta Itzultzailea

Ordua: 12.00

Hitzaldi bien ondoren eztabaidarako tarte bat egongo da. Saioa irekia izango da.

Informazio gehiago ALBEren webgunean topa daiteke.

Erantzun

Sartu