Teknologia albisteak
1

Mandela errugbi zelaira jaitsi zenekoa kontatuko du John Carlinek gaur Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-04-21 : 10:04

John Carlin idazle eta kazetariaren azken liburuaren aurkezpena izango da gaur Donostian, Ernest Lluch kulturetxean (Anoeta estadioan), autorea bertan dela. El Factor humano jarri dio editoreak gazteleraz, baina ingelesezko originala adierazgarriagoa da agian, Playing the enemy.

Mandela presidente zela jada Munduko Errugbi Kopa jokatu zen Hego Afrikan 1995ean, eta Hego Afrikak berak irabazi zuen finala. Benetako garaipena orduan gertatu zen: Nelson Mandela kopa ematera zelaira jaitsi zen, Springbok elastikoa soinean, eta errugbilarien kapitain François Pienaar kapitainari kopa eta besarkada eman zion, liburuaren azaleko argazkia.

Errugbi joko afrikanerra izan zen hainbat urtean, gutxiengo zuriaren jokoa, eta Springbok talde segregatu nazionala apartheid-aren sinbolo. Horregatik, batzuek uste dute trantsizioaren une erabakigarria ere izan zela errugbi partida hura, sinbolikoki Mandelak hauteskundez irabazitako presidentzia baino pisutsuago nolabait. Horren historia da John Carlinek gaur Donostian aurkeztuko duena.

Liburuaren inguruan filma prestatzen ari dira jada. Clin Eastwood izango omen da zuzendaria, Matt Damon errugbilarien kapitaina eta Morgan Freeman Mandelaren paperean.

Gaurko zita 19.30etan da Donostiako Ernest Lluch kulturetxean, eta Jesus Torquemada irratiko esatariak aurkeztuko du John Carlin.

Erantzunak

Sustatu
2009-04-27 : 17:09

Iñaki Soto kazetariak elkarrizketa interesgarria egin zion Gara-rako John Carlin Donostian egondako egun hauetan.


Erantzun

Sartu