Wikipedia bere edukien lizentzia aldatzeko prozesuan sartua dago, oraingo GNU FDL lizentzia Creative Commons Aitortu Partekatu bihurtzeko (cc-by-sa). Iaztik ari dira lizentzia egokitzapenean lanean Wikimedia (Wikipediaren euskarri den antolakundea) eta Creative Commons fundazioa.
Prozesuan wikipedistek ere badute zer esana, eta hizkuntzen araberako Wikipedia bakoitzean ere editoreek aukera dute prozesuaren inguruan iritzia emateko. Euskarazko Wikipedian, CC-BY-SA lizentziaren aldeko iritzia nabari da oraingoz. Bozketa prozesua maiatzaren 3a arte da.
Gaur egunean, Wikipediara CC-BY-SA lizentzia duten irudiak kargatzen ahal dira Commons artxibo digital handiaren bidez. Argazkiak.org-ek lizentzia hori darabil, eta bertan agertzen diren irudi batzuk azkar igotzen dituzte entziklopediara wikipedistek. Wikipedia Commons-eko grafiko honek adierazten du zein lizentzia diren bateragarri irudien kasuan:
Baina argazkiekin ez bezala, CC-BY-SA lizentzia duen testuekin kontua ez da hain argi egon orain arte. Testuak CC-BY-SA gisa definitzen dituzten blog asko dago euskaraz, horien artean Euskalnatura, adibidez. Trantsizioa gertatzen bada, Euskalnaturan idatzitako hainbat informazio interesgarri erraz igo ahal izango dira Wikipediara.
Era berean, Wikipediako edukiak beste toki batzuetan erabiltzeko errazagoa egingo da CC lizentziaren aipu nahiko sinple batekin.
Lizentzia berriak ez ditu bateragarri egingo Wikipediarekin Creative Commons lizentzia guztiak: Libre definizioan sartzen ez direnak ez dira bateragarri, bereziki Ez-Komertziala (Non Commercial, NC) eta Lan Eratorririk Ez (Non-Derivative, ND) zigilua daramatenak.
Erantzun
Sartu