Teknologia albisteak
2

BitTorrent edo Torrent-ak non aurkitu

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-04-10 : 13:04

Joan den astean aurkeztu nizuen Ares Galaxy euskaratzeko nire lana. Eta zertarako da Ares? p2p sare bat da, eta erabiltzaileak elkarren artean komunikatzen jartzeko tresna bat ere bai. Baina nire aburuz, bere funtzio nagusia Torrent edo BitTorrent fitxategiak jaisteko balio duela. Zer dira torrentak eta non aurkitzen dira? Azaltzen saiatuko naiz apur bat.

Fitxategiak jaisteko teknologia eta formatu jakin bat da Bittorrent edo Torrent delakoa. Film bat fitxategi handia izaten da, avi formatuan 700 Mb edo horrela gutxienez, baina BitTorrent teknologiak hori jaisten eta partekatzen laguntzen du, tarteko torrent fitxategi baten bidez. Hau da, lehenbizi torrent fitxategi bat jaisten duzu, Kb gutxiko zeozer, eta fitxategi horrek konektatzen zaitu p2p sareko beste erabiltzaileekin Avi handia osatzen joateko.

Aproba praktikoa

Egin aproba. Windows-en bazaude, Ares instalatu (euskarazko bertsiorako argibideak hemen). Mac edo Ubuntu Linux batean, Miro programak balioko dizu (argibideak hemen). Behin instalatuta duzula, zoaz adibidez Richard Dawkins zientzialariaren webgunera, eta jaitsi ateismoaz antolatu zuen mahai-bueltako elkarrizketa interesgarri hau (bi partetan, bi torrent fitxategi, bat eta bi).

Bilatzaileak

Torrent-ak topatzeko baleko leku batzuk hauek dira:

Beste hainbat tokitan ere Torrent jarioak aurkitzen ahal dira. Adibidez:

Film baten torrent bat topatzen dugunean, zenbait daturi erreparatu behar diogu:

Fitxategiaren tamaina:

700 edo 900 Mb inguru, kalitate normaleko film bat izango da. 1400 Mb edo 1.4 Gb-ekoa, kalitate handiagoko zerbait da, baina 700 Mb baten denbora bikoitza beharko du jaisteko, baldintza berberetan.

Seeders eta Leeches

Torrent fitxategien logikak funtzionatzen du erabiltzaile askoren artean, zenbat eta jende gehiagoren eskuetan egon fitxategi bat, errazago jaitsiko da zeurera. Zenbatek eskaini, eta zenbatek xurgatu, hori de Seeders eta Leeches terminoek adierazten dutenak.

Seeder edo SE dira ereiten dutenak, ereileak, seed edo haziak jarrita dituztenak beren ordenagailuetan beraien material hori beste batzuek ere deskargatu dezaten.

Leech edo LE dira xurgatzaileak, izainak, odola xurgatzen duten animalia ornogabe horiek (Hirudo medicinalis): fitxategi hori une jakin batean eskuratu nahian dabiltzanak.

Idealki, ratio ideala da Seeder asko, eta Leech gutxi. Baina gauzak parekatuta joan ohi dira, Seeder asko dituztenak arrakastako materialak izaten dira, eta haietan Leecher asko egon ohi da. Normalean Seeder askokoak azkarrago ibiliko dira gutxikoak baino, baina alderantziz gerta daiteke, eta behin fitxategi bat jaisten hasita, ezin da jakin ea berehala jaitsiko zaizun, egun batzuk beharko dituen, edo saltoka ibiliko ote den (gaur geldi, baina etzi, bat-batean, azkartzen da).

Behin film batzuk jaitsita, komeni zaizu horiek ez ezabatzea, eta zu Seeder izaten jarraitzea film horietan. Zenbat eta gehiago duzun zuk eskaintzeko, Torrent programa tipikoak gehiago jaisten utziko dizu.

Zinema-aretoan eskuz grabatua ala kalitatezkoa

Mininova eta holakoetan eskuzko kamerarekin zinema-aretoan grabatutako film asko izaten da. Batez ere, estreinaldietan. Kalitate hobeko materialak beranduago azaltzen dira. Film bat eskuzko grabaketakoa dela adierazteko zenbait termino eta laburdura erabili ohi da: Screener, Scr, Telesynch, TS, Cam...

Fitxategien izenean egoten dira sartuta laburdura eta termino horiek. Adi egon, eta irakurri komentarioak kalitatearen berri izateko.

Izatez, Screener edo SCR ez da berez eskuzko kamerarekin grabatutakoa, tarteko kalitateko produktu digitala baizik. Hala ere, Espainian aretoan grabatutakoaren sinonimo izatera iritsi da terminoa.

Komentarioak

Torrent fitxategi jakinen inguruan komentarioak uzten dituzte erabiltzaileek Mininovan. Komentarioak irakurtzea edo gainbegiratzea ondo egoten da: irudiaren kalitatea komentatu ohi da, edo baita fitxategi faltsua egoten denean. Komentariorik gabeko fitxategiak baino gomendagarriagoak dira besteak.

Era berean, bidaltzaile baieztatuei erreparatzea ondo dago. aXXo izenaren atzean torrent-zale bikain bat dago, eta sekulako materiala sortzen du. Hala ere, aXXo faltsuak ere ibili badabiltza hortik, eta onena Mininovako aXXo-ren orri ofizialari kasu egitea da.

Osorik ala konprimituta

Film bat jaitsi ondoren, agian osorik fitxategi bakar gisa jaitsi da, baina izan daiteke karpeta baten barruan fitxategi konprimitu sorta handi bat izatea ere.

Normalean, Rar formatuan egoten dira fitxategi horiek, batean klikatu eta erauzi behar da film osoa. Rar fitxategiekin lan egiteko, Winrar programa jaistea komeni dakizuke Windowsekin lan egiten baduzu.

Erantzunak

assar
2009-04-10 : 14:09

Torrent bilatzaileen artean, badaude metabilatzaileak ere, webgune askotan bilatzen dituztenak, adibidez:


http://torrentz.com/

Oihana
2009-12-14 : 22:59

zer egin torrent-a jeitsi eta gero?

mila esker,

Erantzun

Sartu