Teknologia albisteak

Abian da Bikain 2009

Erabiltzailearen aurpegia
Bikain, Idazkaritza Teknikoa (Euskalit eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza)
2009-03-25 : 17:03

Abian da Bikain 2009. Hortaz, oraintxe duzue zabalik izena emateko epea, bai kanpo-ebaluazioa eskatu nahi duzuen enpresok, bai Bikain Ebaluatzaile Klubeko kide izan nahi duzuenok.

Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren bitartez euskarak enpresa batean duen presentzia, erabilera eta kudeaketa neurtzen da, baita aurrera egiteko zenbait jarraibide eskaini ere. Horretarako, kanpo-ebaluazio bat egiten da Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kide koalifikatuen eskutik.

Enpresek kanpo-ebaluazioa eskatzeko azken eguna apirilaren 6a izango dute. Bikain ebaluatzaile jardun nahi dutenek berriz, apirilaren erdialdera arte izango dute zabalik prestakuntza-moduluan izena emateko epea.

Iaz 30 enpresek lortu zuten Bikain Ziurtagiria eta 120 lagun inguru egin ziren Bikain Ebaluatzaile Klubeko kide, horietatik 90ek ebaluatzen jardun zutelarik. Horien berri izateko, zatoz gure webgunera.

BIKAIN Ziurtagiria Eusko Jaurlaritza eta Euskalit Fundazioaren elkarlanaren emaitza da, eta Confebask, SEA, CEBEK, ADEGI, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren atxikipena du, baita EAEKo hiru Foru Aldundiena nahiz EUDELena ere.

Gehiago jakin eta izena eman nahi baduzu, hona hemen gure webgunea

Erantzun

Sartu