Ikas komunitateak proiektuaren inguruko formakuntza jardunaldiak hasiko dira gaur Azpeitian. EPAk Azpeitiko Udalaren babesarekin antolatutako jardunaldiek, Ikas komunitateak hezkuntza proiektua lantzeko helburua dute. Azpeitiko EPAko zentruan egingo dira jardunaldiak, Perretxiko eraikinean. Helduen Eskolak antolatutako formakuntza saioak gaur hasiko dira eta irekiak izango dira.
Egitasmoaren helburua hezkuntza proiektu bat finkatzea da, ikas komunitate osoaren inplikazioarekin. Horretarako, irakasleek, ikasleek eta beste sektoreek zer eskola mota edukitzea gustatuko litzaiekeen erabaki behar dute
Proiektuak bi fase ditu: bihartik aurrera sentsibilizazio eta erabakitze fasea jarriko da martxan, formakuntza jardunaldiekin. Fase horretan, besteak beste, hezkuntzari buruzko hausnarketak, ikastetxe bat ikas komunitate bihurtzeko ematen den eraldaketa prozesuaren azterketa eta proiektuaren azalpena egingo dira.
Fasea amaitutakoan, eskolak erabaki behar du proiektuarekin jarraitu ala ez. Aurrera jarraitzea erabakitzen bada, ametsaren fasea deiturikoari ekingo diote eta datorren ikasturtean proiektua jorratu beharko dute. Horretarako lehenengo urratsa irakasle, ikasle eta sektore desberdinen iritziak biltzea izango da. Ondoren, iritzi horiek bildu eta lehentasunak finkatu beharko dira. Behin lehentasunak finkatuta, plangintza egingo da.
Saio teorikoak eta praktikoak
Formakuntza saioak bihartik apirilaren 2ra arte egingo dituzte. Jardunaldietan saio teorikoak eta praktikoak eskainiko dira. Saio teorikoetan, besteak beste, Ikas Komunitateak proiektua azaldu, gaur egungo gizartearen azterketa eta gizartearen sektore ezberdinek nola eragin dezaketen hezkuntzan aztertuko dute eta hezkuntza dialogikoari buruz ere mintzatuko dira.
Saio praktikoetan, berriz, talde eragileekin praktikak eta tertulia dialogikoak egingo dituzte beste ekintza batzuen artean. Horrez gain, Ikas Komunikateak proiektua martxan dagoen bi ikastetxeren esperientzia ere bilduko dute. Gazteizko Paulo Freire Helduen Eskolakoek eta La Verneda Kataluniakoek euren esperientzia azalduko dute. La Verneda eskolak 30 urte daramatza proiektua lantzen.
Jardunaldi irekiak
Jardunaldiak irekiak dira. Irakasleak, ikasleak eta inguruko hezkuntza eta gizarte arloko eragileei parte-hartzeko aukera zabaltzen zaie. Nahi duenak, 943812203 telefono zenbakian eman behar du izena edo epatarrak@gmail.com helbidera idatzi behar du.
Ikas komunitateak. Egitaraua:
Martxoak 25
15:00-17:30: Informazio Gizartea. Mª Luisa Jausi.
18:00-20:30: Gazteizko Paulo Freire Helduen Eskolaren esperientzia eta Literatur Solasaldi Dialogikoak. Mikel Loza.
Martxoak 26
15:00-17:30: Ikas Komunitateak proiektua. Mª Luisa Jausi eta Isabel Mendizabal.
18:00-20:30: La Verneda Kataluinako Helduen Eskolaren esperientzia. Eli Giner.
Martxoak 27
09:00-11:15: Ikaskuntza Dialogikoa 1.zatia. Ramon Flecha.
11:30-14:00: Ikaskuntza Dialogikoa 2.zatia. Ramon Flecha.
Martxoak 31
09:00-13:00: Ametsaren Fasea eraldaketa prozesuan eta Talde Elkartegileak.
Mª Luisa Jausi eta Isabel Mendizabal.
Apirilak 2
09:00-13:00: Berrikuntzei buruzko hausnarketa praktikak eta ebaluazioa.
Mª Luisa Jausi eta Isabel Mendizabal.
Erantzun
Sartu