Basque Culinary Center 2011. urtean irekiko da Donostian
Mondragon Unibertsitateak eta euskal sukaldariek Basque Culinary Center Fundazioa sortu dute. Donostian kokatuko da zentroa eta 2011. urtean jarriko da martxan. Zientzia Gastronomikoen Fakultatea eta Zientzia Gastronomikoen Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa bilduko ditu. Fundazioa eratuta, proiektua abian jartzeko lehen urratsa eman zuten atzo, Donostian. Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz eta Eneko Atxa sukaldariek eta Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabalak osatzen dute Fundazioaren patronatua.
Helburuak
- Euskal sukaldaritzak nazioartean goi mailako gune izateari eutsi diezaiola;
- Ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea goi sukaldaritzako profesionalen eta enpresa sektoreen artean
- Goi sukaldaritzaren arloan Euskadi nazioartean sustatzea
Ikasketa maila ezberdinak
Zientzia Gastronomikoen Fakultateak Sukaldaritza Arteetako unibertsitate-gradua eskainiko du, eta horrekin batera graduondoko beste lau titulu, sukaldaritzako profesionalei eta beste sektore batzuetakoei zuzendutakoak; etengabeko prestakuntza; eta sukaldaritza zaleentzako eskaintza ere izango du. I+G+b zentroa
I+G+b zentroak 6 ikerketa-ildo jorratuko ditu:
- heziketa eta elikadura-ohiturak
- elikadura mailako gizarte-ardura
- elikadura-joerak
- berrikuntza sektoreko enpresen kudeaketa
- gastronomiarekin lotura duten teknologien garapena
- elikagaiak prestatu, aurkeztu eta kontserbatzearen ingurukoa
Enpresa foroa
Basque Culinary Center izango denaren inguruan enpresa-foroa sortuko da, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak sustatuko duena, elikaduraren eta sukaldaritzaren sektorean berrikuntza bultzatzeko helburuarekin.
Erantzunak kargatzen...