Teknologia albisteak
2

Lan-jardunak bakarrik 600 azterketa-ale inprimatzeko astia eman zuenez, 639 lagunen azterketa zapuztu zen Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-03-24 : 11:03

Lanpostu publiko baterako azterketa bat bertan behera geratu zen Donostian duela egun batzuk, 639 lagun aurkeztu arren, 600 azterketa-inprimaki bakarrik zeudelako. Donostiako Udalak 650 inprimaki eskatu zizkion IVAPi, baina IVAPeko zuzendaritzak dioenez, langile batek, azterketa egunaren bezperan, goizeko 9.00etatik 13.30ak arte bakarrik 600 inprimatzeko astia izan zuen. 13.30etan bere lan-jarduna amaitu zen, 50 inprimakiren faltan. Ondoren beste errore-kate bat gehitu zitzaion horri.

Martxoaren 12an zen egitekoa azterketa: 69 administrari lanpostutara 639 lagun aurkeztu ziren Donostian. Anoetako belodromoan mahai mordo bat eta prestakuntza guztiak eginak zeuden jendetza horri azterketa egiteko. Baina azterketa-orriak banatzeko orduan, ez ziren inprimakiak denentzat iritsi: 600 bakarrik zeuden. Bertan behera geratu zen egun hartakoa.

Donostiako Udalak kasua aztertu zuen eta nonbait errorea IVAP-en zegoen, Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundean. IVAP-eko zuzendaritzak, hain zuzen, errorearen zergatiaren berri eman dio gutun batean Donostiako Udalari, eta Udalak sarean argitaratu du PDF hori.

Detaile osoz kontatzen du IVAPek zer gertatu zen. Funtsean:

  • Donostiako Udalak denborarekin eskatu zituen nahikoa kopia.
  • Etsaminaren bezperan, 650 azterketa inprimatzeko lana hartu zuen IVAPeko langile batek, 9.00etatik aurrera.
  • Langile horren jarduna 13.30etan amaitu zen, 600 azterketa inprimatuta zeudela, eta 50en faltan, orijinala eta 600 kopiak kutxa batean gorde zituen administrariak.
  • Arratsaldez, beste administrari baten txanda zen, eta hark egin zituen beste 50 kopia, baina beste kutxa batean gorde zituen.
  • Azterketaren egunean, Donostiara bidaltzerakoan azterketak, kutxa bakarra eraman zuten IVAPetik, 50 aleen 2. kutxari erreparatu gabe.

IVAPeko zuzendariak barkamena eskatzen du bere gutunean, eta agintzen du lan egiteko protokoloak aldatuko direla.

Inprimaki guztiak, 650 aleak, batu ondoren, Donostiako Udalak erabaki zuen martxoaren 18an egingo zela azterketa. Eta egun horretan egin egin zen, azkenean.

Erantzunak

Mikel
2009-03-24 : 13:36

Ez dira "lan egiteko protokoloak" aldatu behar, lanerako fundamentua da aldatu behar dena.


Igor
2009-03-24 : 14:09

Izenburua okerra dela iruditzen zait. Arazoa ez zein izan 600 ale besterik ez inprimatzea, baizik eta kutxa bakarra bidaltzea. Izenburua ikusita badirudi hasierakok kopiak atera zituen funtzionarioaren ganoragabekeria izan zela akatsaren erruduna, eta ez da hala.

Erantzun

Sartu