Teknologia albisteak

Usurbilgo atez ateko zabor bilketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-04-03 : 09:04

Usurbilgo Atez Ate zaborra biltzeko sistema kanpaina landu samar batekin aurkeztu zen herrian, eta baita medioetan. Youtubeko kanal bat ere bai. Salsa karibetarren doinura egindako kantu eta guzti:

Jingle-az gain, datuak ere baditugu. Lehen bi asteetan birziklatze maila oso altuekin dabiltza.

Usurbil Donostia inguruko San Markoseko Mankomunitateko udalerria da. Erakunde horrek kudeatzen dituen hamar herrietako etxeko hondakine %78,5 zuzenean jaurtitzen da zabortegira. Hau da, gaur egun, sortzen diren hondakinen %21,5 bakarrik birziklatzen da eta gainerako guztia zabor bilakatzen da.

Birziklatzen dena papera, beira eta ontzi arinak (plastikozko boteilak, brick ontzik, etab.) dira, batez ere. Horrela, 2007ko datuen arabera, etxean sortutako hondakinen %42 materia organikoa izan arren, ez zen materia organikoaren gramo bat ere birziklatu.

Atez Ate sistema berriak herritar bakoitzaren esku zabor organikorako edukiontzi batzuk utzi ditu, eta horiek kalera ordu jakin batzuetan jaisteko zeregina ere eman dio familia bakoitzari.

Behin atarietan, bilketa zerbitzua indartua dago (lanpostuak sortu dira), eta jasotakoa konpost planta batera eramaten da. Lorategia edo baratza duten herritarrek autokonpostagailu propioa ere izan dezakete plangintza berriaren arabera, Udalari eskatu eta eman egiten zaie.

Lehen datuak

Badira egun batzuk planarekin martxan dabiltzala, eta lehen bi asteetako datuak eman dizkigute:

Lehen astean 8.720 kilo organiko jaso ditugu Autokonpostatzen duten 379 familien organikoa 2.600 kilotan estimatu dugu.

Beraz, orotara, astebetez 11.320 kilo organiko ez ditugula zabortegira bota, birzizklatu egingo ditugula konposta lortzeko.

Biztanleko eta eguneko 254,6 gr. (Zifra altua da, Amarako 5. edukinontziaren esperientzia ez duk 150 gramotara iristen biztanleko)- Lapatxeko konpostatze plantan karakterizazioa egin behar dute kalitatea neurtzeko, eta lehen begiratuan teknikoek diote %98ko kalitatea izango duela eramandakoa.

Bigarren asteko datuak: 9 tona organiko bildu ditugu (aurrekoan 7,44) Papera: 3,9 tona (aurrekoan 2,7). Ontziak 2,7 tona (aurrekoan 2). Errefusa 2,1 (aurreko astean 1,9).

Kritikak eta erraustegia

Ekimenak kritikak ere jaso ditu. Modu argienean, Usurbilgo Eusko Alkartasunak agertzen ditu kritika horiek bere webgunean.

Usurbilgo Udalak espero du demostratzea sistema honekin zaborraren berziklatzea asko handitu daitekeela, eta horrekin erraustegiak edo kito egin arte zaborrez betetzen diren zaborlekuak ebitatu daitezkeela. Udalaren helburua da gaur egungo %21-22tik %80ko birziklatze mailara iristea.

Donostialdean erraustegi handi bat egiteko asmoa dago, eta inguruan kontrako jarrera eragin du horrek. Zubieta auzoan da egitekoa erraustegi hori. Zubieta ez da udalerria, Usurbil eta Donostia artean erdibanatua dago.

Erantzun

Sartu