Teknologia albisteak

Enpresarako prestakuntza, Legorekin jolasean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-03-16 : 10:03

Martxoaren 24 eta 25ean 12 orduko prestakuntza mintegia antolatu da Miñaoko Parke Teknologikoan, Lego Serious Play metodologian oinarritutako saioa. Elkarlanerako eta hobekuntzarako bideak jorratzea da koxka, Lego piezekin jolasean, Flickr-eko irudi sorta honetan ikusten den bezala:


© cc-by-sa: Ben Dalton, noii's

Lego Serious Play Lego etxeak kudeatzen duen programa bat da, eta frankizien eran, zertifikaturiko irakasleek ematen dituzte mintegiak. Miñaokoan Lucio Margulis izango da irakaslea, eta Ikasplay SL enpresaren laguntza izango du.

Mintegiaren helburuak dira:

  • Parte-hartzaileei beren espiritu berritzailea partekatu, eraiki eta garatzeko gunea eskaintzea.
  • Laneko eta bizitza pertsonaleko esperientzia berritzaileak partekatzea.
  • Elkarrekin lan egitea eta parte-hartzaileen esperientziak, ezagutzak eta ikasitako irakaspenak trukatzea sustatzea.
  • Parte-hartzaileek berrikuntzarako duten gaitasuna eta beren espiritu berritzailearen garapenerako aukera dezaketen bidea estrategikoki aztertzea.
  • Euskal Herrian berrikuntzarako estrategia arrakastatsuak esploratu eta batera eraikitzea.

Izen-ematea 120 euro dira. Antolatzaileek uste dute pertsona hauei datorkiela ondo Lego Serious Play mintegia: Marketing, salmenta, prozesu, produktu edo zerbitzuen zuzendariak, enpresa berri eta txikien ekintzaileak, edozein alorretako zientzialari edo berritzaileak, enpresa berriak sortzeko interesa duten eta graduatzear dauden ikasleak, inkubagailuetako kideak, politikariak eta gobernuko sektore publikoko langileak berrikuntza sustatzeko interesa dutenak, merkataritza-ganberetako kideak eta ikasgai gogorretako irakasleak (zientzia, teknologia, prozesuak, administrazioa).

Euskadi innova webgunean dago informazio gehiago.

Erantzun

Sartu