Zubizuriko epaia: 30.000 euroko kalteordaina Calatravari
Bilboko Udala kondenatu dute Santiago Calatrava arkitektoari 30.000 euroko kalteordaina ematera. Calatravak 3 milioi euro eskatzen zituen, ordea, Zubizuri zubiari egindako aldaketa batzuek bere egile eskubideak urratzen zituztelakoan.

Baimenarekin © cc-by-nc-nd: Julen Landa, Txanoduna
Santiago Calatravak ZubiZuri zubia eraiki zuen Bilbaoko Campo Volantin pasealekua ibaiaren beste aldearekin lotzeko, eta 1997. urtean ireki zen lan hori. Urte batzuk beranduago, Arata Isozaki arkitektoak Isozaki Atea' eraiki zuen ibaiaren beste aldean, dorre handi batzuk eta gaur Elkarbizitzaren Plaza esaten diotena.
Isozakiren lanak Zubizuri zubiari lotzeko oinezkoentzako igarobide bat ere egin zuen Isozakik, Bilbaoko Udalak eskatuta. Igarobide hau altxatzeko ordea, zubiaren baranda bat kendu zuten, eta honek, Calatravak eta bere bulegokoek diotenaren arabera, zubiaren simetria haustea ekarri zuen. Horrexegatik aldarrikatzen zituen Calatravak bere obra arkitektonikoaren gainean dituen egile-eskubideak.
Epaiketa egin zen, beraz, eta epaia gaur ezagutarazi da.
Calatravak eskatzen zuenaren %1 bakarrik esleitzen dio kalteordainean epaiak. Gainera, obran ez da atzera egin beharko, eta hori ere eskatzen zuen Calatravak, baranda lehen bezala uztea, Isozakiren gehigarria kentzea. Hala ere, Bilboko Udalak irizten omen dio arkitektoaren aldekoa dela epaia, eta errekurritu egingo du.
Erantzunak kargatzen...