Teknologia albisteak

Hirugarren aztergaia EIZIEren 2tzuL weblogean

Erabiltzailearen aurpegia
ItzulBaita
2009-03-11 : 14:03

Hirugarren gai bat plazaratu da EIZIEren 2tzuL blogean, Itzultzaileen Irizpen Biltegian: "Aditz laguntzailearen elipsia eta subjektuaren komunztadura", Iñigo Roquek idatzia. EHUko Euskara Zerbitzuan dihardu Roquek, ikasmaterialen egokitzaile.

Hona gaia planteatzeko erabilitako adibidea: "Mikel Iruñera joan eta hainbat mandatu egin zituen", ala "Mikelek Iruñera joan eta hainbat mandatu egin zituen"? Funtsean, hurbileneko aditzak gobernatzen du subjektua, ala laguntzailea daramanak? ItzuL posta-zerrendan mezu sorta luze samarra izan zen kontu horren inguruan 2005eko maiatzean. Orduan esandakoen pasarte batzuk berreskuratzeaz gain, idazle eta itzultzaileek testuetan egindako aukeren berri ematen du Roquek.

Aurrez 2tzuLen plazaratutako gaiak "Koloreak" eta "Siglen deklinabidea" izan dira. Lehenbizikoa osatuta dago, eta ondorioa idatzita. Bigarrenari, berriz, erantzun bat gehitu zaio egunotan, "sozietate anonimo" terminoaren forma laburtuaren inguruko zalantzez diharduena (S.A. ala SA dagokion, esaldian nola txertatzen den...).

Aztergai horiek ere lehendik erabiliak izan dira ItzuL posta-zerrendan. Hain zuzen ere, halako gaiak berriz hartu, zabalago aztertu eta ondorioak ateratzea da 2tzuL blogaren planteamendua. 2008ko azaroan sortu zen bloga, eta EIZIEk du, posta-zerrenda bera bezala.

Erantzun

Sartu