Teknologia albisteak

Darknet-ak: lagunen arteko P2P sistema

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Araolaza
2009-03-11 : 09:03

Atzo Enrique Dans blogari espainiarrari irakurrita (Darknets para todos... ) frogatu ahal izan dut fitxategiak trukatzeko P2P tresna berri bat.

Limewire du izena, eta beste P2P programen aukerez gain (EMule, Bittorent eta abar) badu zerbait: zenbait lagun definitu eta haiekin bakarrik trukatu ditzakegu fitxategiak.

Atzo bertan Twitter bidez zenbait lagunekin kontaktatu eta konfidantzazko fitxategi trukaketa sistema bat ezartzea zein erraza den frogatu genuen.

Zein pertsonen lagun garen zehazteko, Google-ren txat sistema erabiltzen da. Hor lagunak definitu ondoren, erabaki dezakegu zein fitxategi zein laguneri utzi nahi diogun. Bestalde uneoro ikusi dezakegu gure lagunak uzten dizkigun fitxategi guztiak.

Sistema honentzat boteprontoan bururatzen zaizkidan adibide pare bat:

  • Komunikabide talde batean argazki artxiboa edukitzeko tresna ederra izan daiteke adibidez. Bakoitzak bere argazkiak eduki baina modu errazean munduko beste puntan dagoen lankidearen argazkiak deskargatzeko modua izatea. Hala ere, katalogazioaren gaia konpondu behar.
  • Zine klasikoa gustatzen zaien lagun batzuek filmak trukatzeko sistema egokia, beste inork beraien kolekzioan sudurrik sartzeko aukerarik izan gabe.

Kontrol gutxiago

Enrique Dans-ek azaltzen duenez, sare hauek itxiak izatean kanpoko agenteek kontrolatzeko zailago izango dute. Kontutan izan gaur egun erabiltzen diren P2P sistemekin sarera konektatzen den edonork jakin dezakeela zer konpartitzen ari garen gu.

Erantzun

Sartu