Guraso.com: gurasoen premiak asetzeko webgunea
Gurasoendako interesgarriak izan daitezkeen gaiak jorratzen ditu Guraso.com webguneak: teknologia berriak, osasuna, prebentzio gaiak, hezkuntza formala eta ez formala, dirulaguntzak, kulturartekotasuna, jolasak, sexualitatea, hiztegiak edo familiendako planak, adibidez. Euskararen transmisioan eragiteko helburuarekin, euskara hutsean egina dago webgunea, hizkuntza eta eduki ulergarriekin.
Bi atal nagusi
- Atal finkoa: gurasoendako interesa izan ditzaketen gaien inguruko artikuluak jasotzen duena
- Atal dinamikoa: Hemen sartzen dira hainbat kolaboratzailek gai ezberdinen inguruan idatziko dituzten artikuluak (psikomotrizitateta, aspektu legalak, pediatria, aisialdia edo prebentzioa, adibidez); eguneroko martxan sortzen diren albisteak; agenda; zorion agurren txokoa eta argazki galeria.
Argazkian: Patxi Gaztelumendi (kolaboratzailea), Txus Arrieta (ideia orijinala), Arkaitz Biain (Arrasateko euskara zinegotzia), Mirari Arando (kolaboratzailea), Ane, Oihana Elorza (kazetaria) eta Eneko Barberena (Txatxilipurdiko zuzendaria).
Egunero osatzen joango den webgune honek interaktiboa izan gura du eta aukera dago kanpotik edozein galdera egiteko kolaboratzaileetako bati, agendan ekitaldiak sartzeko, zorion agurretarako argazkiak bidaltzeko edo edozein proposamen eta albiste bidaltzeko.
Guraso.com webgunea Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak eta Goiena Komunikazio Zerbitzuak sortu dute, Txus Arrietaren ideiari kasu eginez. Arrasateko Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du webguneak.
Aurkezpenak Euskal Herri osoan
Euskal Herri mailako aurkezpena martxoaren 10ean egingo dute Donostiako Koldo Mitxelenan, 11:00etan. Euskal Herriko ikastetxe eta guraso elkarteen aurreko aurkezpena egitea ere aurreikusi dute, bailaraz bailara.
Erantzunak kargatzen...
