Teknologia albisteak

Yahook briefcase edo maletatxo zerbitzua itxi egingo du

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Astigarraga
2009-03-03 : 11:03

Garai batean nahiko erabilia zen Yahoo briefcase edo maletatxoa izeneko Internet zerbitzu hau sarean txostenak gordetzeko, toki ezberdinetatik eskuratzeko edo ordenagailu eramangarrira karpeta edo maletatxo osoa eramateko. Martxoaren 30ean itxi egingo dutela abisatu dit Yahook.

Urteak dira erabili gabe neukala Yahooren maletatxoa, baina abisua jasotzerakoan joan naiz begiratzera ea zer nuen bertan. Bi karpeta, 84 dokumentu eta eskainitako 30 MBtik ia guztiak erabiliak aurkitu ditut.

Gehienak 2001ean igotako dokumentuak dira, esate baterako ikastaroetan entregatu beharreko txostenak, proposamen batzuk, eta abar. Dirudienez urte bete beranduago, 2002an, utzi nion zerbitzua erabiltzeari. Suposatzen dut laster toperaino bete nuelako.

Baina hor daude oraindik dokumentu guztiak. Berreskuratu eta gorde nahi baditut, martxoaren 30a baino lehenago jaitsi beharko ditut, bestela zabor zibernetiko bezala hartu eta ezabatuko ditu Yahook.


Argazkiak.org | Yahooren maletatxoa itxi egingo da © cc-by-sa: eneko

Abandonatutako zenbat dokumentu, argazki, artxibo, ... geratuko dira urte batzuk barru gaur egunean pil-pilean dauden zerbitzuetan: flickr, slideshare, facebook eta abarretan? Abisatuko digute garaiz ezabatu aurretik errekuperatzeko denbora izan ditzagun?

Erantzun

Sartu