Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sustaturen diseinu aldaketa

Luistxo Fernandez
2009-02-26 09:02

Hiru diseinu izan ditu Sustatuk historian.

2001eko azaroan jaio zenetik, 2004ko irailera.


Argazkiak.org | Sustatu zaharra © cc-by-sa: sustatu

2004eko irailetik, atzo arte.


Argazkiak.org | Sustatu 2008 © cc-by-sa: sustatu

Eta orain, itxura berde hau.


Argazkiak.org | Sustatu berdetuta © cc-by-sa: sustatu

Funtzionamenduan antzera jarraitzen du. Mezuak bidaltzeko aukera errazten saiatu gara, baina testu egituratua da oraindik aukera onena estekak eta txukuntasuna emateko idatziei. Badakigu deserosoa dela askorentzat, eta halako batean ordezkatuko dugu beste zerbaitekin, baina bitartean, testu egituratuaren aukeretan HTML aginduak sartzeko aukera gehitu dugu: irudiak eta bideoak sar daitezke, adibidez, kodea itsatsita.

Artikulu jakin batean erantzuteko aukera erraztu da apur bat, ez baita beste leihorik irekitzen. Baina artikulu zein erantzunetan, e-posta helbidea baieztatu behar da, postontzira iritsiko zaizun mezu baten bidez.

Edukian espero dugu saltoa ematea batez ere. Mezu gehiago argitaratzen saiatuko gara, eta mezuotan irudi, bideo eta abarrak tartekatuko dira naturaltasunez. Zuzeneko ekitaldiekin ere hasi gara. Joan den astean prentsaurreko batean egindako probaren ondoren, hauteskunde gaua igandean eta Athletic-Sevilla partidua datorren asteazkenean izango dira hurrengoak.

Arindutako aukeren artean, bilatzaileari aukerak murriztu dizkiogu. Euskarazko hainbat webgunetan bilaketa egiten zuen aukera bat genuen jarrita azken hilabeteotan, baina orain, goiburuan edo orri honetan ikusten duzuen bilatzailearen bidez, Sustatu.com bera arakatzen da. Euskarazko bilatzaile hura, hemen zegoena, Aurki.com-en dago oraindik. Bai Aurkiko bilatzailea, zein Sustatukoa eta euskaraz garatutako Zerberri proiektukoa, Google Custom Search Engine tresnan oinarritua dago.

Bestalde, ez dago jada Jamaika Ikusteko sekziorik... Delicious eta Bildu.net guneetan esteka batzuk modu jakin batean gordeta, Sustatun agertzen ziren, sarrerako albo-zutabean eta aparteko orri batean. Era horretako erreferentzia azkarrak izaten jarraitu nahi dugu, baina oraingoan formulario honetatik eta hor ageri den bookmarklet-aren bidez egitea espero dugu. Gustu baduzue, noski. Mila esker orain arte Jamaika aukera elikatu duzuenoi, eta bereziki Gorka Julio Teketen-i hura doitzen lagundu zigulako.

Irakurleoi ere mila esker. Segi Sustatu irakurtzen (horra harpidetza aukerak) eta gauzak bidaltzen. Eskerrik beroenak bereziki Anjel Lertxundiri atzo migrazio teknikoa egiteko garaian Sustatun agertu zen abisua gizon kabal baten piurarekin ilustratzeagatik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu