Aurreko astean CISek argitaratutako hauteskunde inkestan ez dira emaitzak datu jakingarri bakarrak. Ama hizkuntzari eta hizkuntza gaitasunari buruzko datuak ere bazeuden; aukera politikoaren araberakoak gainera! Alegia, zer bozkatzen dugun euskaldunok, elebakar erdaldunekin alderatuta, adibidez. Betiri izeneko sustatuzale batek eman digu pista interesgarri hau, agian sekula aurretik egin gabeko azterketa.
Espainiako erakunde publikoa da CIS, ikerketa soziologikoen zentroa. Era askotako inkestak egiten ditu, eta azkenengo argitaratu dituenak, hurrengo hauteskundeei begirakoak, Galiziakoak eta EAEkoak. Alderdi politikoen araberako datuak PDF honetan daude.
Hizkuntzarekin eta beste faktore batzuekin alderatutako datu horiek, 2005eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako boto oroitzapenarekin alderatzen dira. Hau da, EAJ-EA multzo berean daude, orduan koalizioa izan zelako, eta ezker abertzale debekatua agertzen da orduan agertu zen sigletan, EHAK.
Honatx zer zioten ama hizkuntzaz. Ama hizkuntza euskara dutenak lehen zutabean, euskara eta gaztelania dutenak bigarrenean (ehunekotan):
- EAJ-EA 30,7 1,6 - PSE 5,1 1,1 - PP 0. 0. - EHAK 46,6 1,6 - EB 5,3 2,9 - Aralar 41,1 10,5
Dokumentutik irudia itsatsita:
Argazkiak.org | CIS euskaldunak eta boza © cc-by-sa: sustatu
Hizkuntza gaitasunari buruz, euskaraz erraztasunez egiten dutenak hauek:
- EAJ-EA 44,6 - PSE 13,3 - PP 3,9 - EHAK 67,7 - EB 29,2 - Aralar 90,6
Horra koadro osoa:
Argazkiak.org | CIS euskara eta alderdiak © cc-by-sa: sustatu
Betirik dioskunez, "argi dago euskarak bozka baldintzatzen duela eta zergatik Madrilen menpeko alderdiek hankatrabaka ibiltzen zaizkion euskararen normalizazioari".
Beste koadro interesgarri batzuetan aldagaiak erkatzen dira ez bozka jakin batekin, baizik eta ezker-eskuin eskala batekin. Hau da, inkestatuari galdetu zaio ea non kokatzen den bera, ezker muturretik eskuin muturrera, 0-9 eskala batean. Koadro horren arabera, eskuin muturreko euskaldunik ez dago bat bera ere.
Argazkiak.org | euskara eta ezker-eskuin ardatza © cc-by-sa: sustatu
Azken koadro hau argiago ikusteko, horra handiago. Argazkiak.org-en daude hiru irudi hauek.
Ondo interpretatzen badut, CISek 2460 inkesta egin zituen. Horietatik %20,6ak esan zuen ama-hizkuntza euskara duela, beraz, 506 lagunek.
500 lagun horietatik 331ek eman zuten botoa gogoratzen dute (besteek ez zuten adinik, ez zuten botorik eman, ez du erantzun edo ez du gogoan zeini eman zion botoa).
Eta 331 lagun horien ehunekoa honela izango zen:
EAJ-EA %62.75
PSE-EE %5.03
PP %0
EHAK %20.23
IU-EB %1.29
ARALAR %4.59
Besterik %6.12
Horri D'Hont aplikatu behar eserlekuak banatzeko ;-)
Dena dela, ez dakit soziologoek zer esango duten, baina uste dut 330 laguneko lagina txiki xamarra dela inolako ondoriorik ateratzeko.