Microsoftek "Microsoft Local Language Program Award" saria emango dio gaur Eusko Jaurlaritzari, Vista sistema eragilearen eta Office paketearen azken euskarazko lokalizazioak babesteagatik. Euskaratze lan hori Microsoftek ordaindu eta enkargatu zituen, baina promozioan Eusko Jaurlaritzak lagundu zuen.
Duela aste batzuk, sari bera eman zioten Galiziako Gobernuari. Baina bi kasu hauez gain, ez dugu sarean bilatuta, "Microsoft Local Language Program Award" delakoaren beste aipurik aurkitu. Ingelesezko izen biribila duen arren, Espainiako Microsoften ekimen promozionala dirudi sariak.
Saria emateko ekitaldia gaur eguerdian izango da Gran Hotel Lakua hotelean Gasteizen, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izango dira Miren Azkarate kultura sailburua, eta Patxi Baztarrika hizkuntza politikarako sailburuordea.
Joxe Rojasek komentatzen du kontu hau Teknopata bere blogean.
Kultura sailaren oharra eta argazkiak
atzoko ekitaldi honen inguruan.
Ekitaldi honetan eman zituzten, halaber, iazko udako Klik egin euskarari deskargen lehiaketaren irabazleentzako sariak. Hauek izan ziren irabazleak: Xavier Calvo, Mikel Iridoi, Rebeka Arias eta Lilian Pezo.
Kanpaina haren funtsa izan zen euskarazko LIP edo lokalizazio paketeak instalatzea Vista eta XP sistema eragileetan, eta Office ofimatika paketean. Haren balantzeaz iritziak argitaratu ziren iaz sarean.