Teknologia albisteak

Huheziko ikasleak, natibo digital petoak

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2009-02-12 : 12:02

Huhezin galdeketa xume bat egin da Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren 1. mailako ikasleen artean, ikusteko zer harreman duten teknologia digitalekin. Emaitzek baieztatu egin dute bertako ikasleak natibo digital peto-petoak direla.

Graduko ikasketa guztietan, Huhezi fakultatean, lehen mailako ikasle gehienak 1990ean jaio ziren, Tim Berners-Lee ikertzaile ingelesak sarea asmatu zuenean, alegia World Wide Web delakoa. Beraientzat Internet eguneroko ogia da, eta hazi egin dira amaraunarekin batera. Marc Prensky adituak "natibo digital" izendatu zituen gazte hauek, eta izen horrekin adierazi nahi du pertsona bat hazi dena teknologia digitala erabiltzen, adibidez, ordenagailuak, Internet, eskuko telefonoak eta mp3a.

Jatorriari dagokionez, argi dago Huheziko ikasleak erabat eskutik datozela teknologia digitalarekin, baina zer gertatzen da erabilera kontuan hartuta? Hori jakiteko galdetegi xume bat egin da 1. mailako ikasle batzuekin, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari direnak, eta hauek dira galdeketaren emaitzak:

  • Sakelako telefonoa daukate: %100
  • Messenger darabilte: %100
  • Kontu bat dute Tuentin: %90
  • Fotolog bat dute: %63
  • Kontu bat dute Facebook-en: %36
  • Blog bat daukate: %9

Galdetegi osoagoak eta zabalagoak behar dira ondorio zehatzak ateratzeko, baina adibide gisa balio du, erakusten baitu zenbateraino aldatu den ikaslea azken urteotan. Orain hezitzaileoi dagokie hausnartzea zenbateraino dauden gertu natibo digitalei irakasteko, eurek ezagun dituzten baliabideak erabilita.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: