Teknologia albisteak
1

Interwoven, Jaurlaritza eta EHUren CMS-a, auzitan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-01-27 : 08:01

Eusko Jaurlaritzak eta EHUk darabilten webguneetarako edukiak kudeatzeko sistema (CMS siglekin esaten zaio ingelesez), Interwoven, erosi egin du beste enpresa batek, Autonomyk. Zenbait adituren iritziz, Autonomyk ez du interesik Interwoven-en CMS produktuan eta horren jarraipena kolokan egon daiteke.

Eusko Jaurlaritzak 2004. urtean berritu zuen Euskadi.net webgunea Interwoven-ekin. Software librea edo zerbitzuen aniztasuna baztertuz, lizentzia propietarioak ordaintzera behartzen duen hornitzaile bakarra aukeratu zuen dekretuz. Neurri hark ez zituen berehala Jaurlaritzaren web zerbitzu guztiak Interwoven-era bihurtu, baina harrezkero urrats gehienak hortik doaz, ez beste azpiegiturarik onartu, eta dena Interwoven-era eraman.

Ondoren, 2006. urtean, Euskal Herriko Unibertsitateak ere gauza bera egin zuen EHU.es webgunearekin, software librearen aldeko aldarriei muzin eginez.

Orain, 2009ko urtarrilean, Autonomy enpresak erosi du Interwoven. Hona erosketaren albistea.

Zer esan nahi du honek euskal webgune publiko horiek darabilten azpiegiturari begira? Analista honen iritziz, Autonomyk ez du interesik Interwoven-en CMS produktuan, beste software lerro batzuetan baizik. Horrez gain, Autonomyren CMS produktuaren berrikuntzarik ez da gertatu azken urtebetean, 7.0 bertsioa iragarri zuten 2007an eta ez da iritsi 2009 gaudenean.

Beste blog artikulu honetan, CMS-en merkatuko beste lehiakide batzuk pozik ageri dira Interwoven-Autonomy akordioarekin, horrek CMSen merkatutik lehiakide bat kenduko duelakoan. Hala ere, erantzunetan Interwoven-eko langile batek erantzuten du ezetz, CMSetan jarraituko dutela.

Erantzunak

Jabier Santamaria
2009-01-27 : 12:34

Agian horrela Eusko Jaurlaritza Plone-ra pasatuko da? Lar pentsatzea da hori, ezta? ;)

Erantzun

Sartu