Dakizuenez, Bilboko Udalak Kafe Antzokia ixteko agindua eman zuen iragan astean. Bilboko euskal topagune eta kultura gune nagusia hilabetez itxi eta isuna ordainarazteaz gain, haren etorkizuneko bideragarritasuna kolokan jartzen duen edukiera murritza ezarri nahi dio udalak. Murrizketa hori ezartzen duen udal ordenantza aldatzea nahikoa litzateke arazoa konpontzeko, baina oraino udal agintariek ez dute Kafe Antzokiarekin hitz egin nahi izan. Afera honen inguruko informazioa emateko eta atxikimenduak biltzeko webgune berria jarri du abian Kafe Antzokiak. Konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa delako, Bilbok Kafe Antzokia martxan behar duelako.
Martxoaren 2an, goizaldeko 5etan udaltzainek egindako kontaketa batean legezko edukiera bikoizten zuen lagun kopurua aurkitu zutelako etorri zitzaion Kafe Antzokiari seguraski zigortua izango zen ohartarazpena. Ordura arteko segurtasuna eta gauetan jendetzarik ez pilatzeko kontrolak estutu zituen ordutik Kafe Antzokiak, baina sorpresaz etorri zitzaion gabon gauean zigortua izango zen jakinarazpena. Egun gutxiren buruan helegiteak aurkeztu zituen Kafe Antzokiak baina udalak atzera bota zituen. Urtarrilaren 8an goizez aurkeztu ziren udaltzainak Kafe Antzokian, aretoak gaueko 12etan hilabeterako itxi beharko zuela aginduz. Bere ostalaritza zerbitzu guztiak (jatetxea, taberna) eta abian zegoen kultura programazio guztia bertan behera ekarri du neurri honek.
Kaltea egina dago, eta ulertzekoa da isunak xedatutako 2.000 euroak baino askoz harago doala: langileen soldatak, erositako elikagaiak, hilabetez irabaziko ez diren sosak, ordaindu beharreko fakturak... Hala ere, arazoa ez da hilabetegarrenera amaituko, askoz sakonagoa baita: edukiera murritz honekin eta berau zorroztasunez betetzera behartuta, Kafe Antzokia ez da gaur ezagutzen dugun moduan bideragarria izango etorkizunean.
Zorionez, babes zibileko teknikarien arabera, aretoaren azalerak teknikoki ahalbidetzen du legezko edukiera egungoa baino askoz gehiagora jasotzea, beste larrialdi irteera bat gehituko lukeen lan txiki bat eginda. Alabaina, murrizketa udal ordenantza batek ezartzen du, Abandoko Albia "ingurune saturatutzat" dutelako. Zer esan nahi du honek? Udalaren arabera, taberna gehiegi dago eta jende gehiegi dabil gauez inguru horretan. Beraz, jende gutxiago ibil dadin, fisikoki onartzen duena baino murritzagoa ezarri diote aforoa udal agintariek Kafe Antzokiari. Gakoa, beraz, udaletxean dago.
Eta zein da udalaren jarrera afera honekiko? Ateak itxita, interlokuziorik eza, sinestezina badirudi ere. Baina hau ez da berria udal agintarien Kafe Antzokiarekiko jarreran. Argigarria izango da azken hamahiru urteotan Bilboko Udalak Kafe Antzokiari emandako laguntza hutsaren hurrengo izan dela kontatzea. Bitartean, Kafe Antzokiak bere bidea jarraitu du, barran ateratzen diren diruak berriro euskara sustatzeko ekimenetara bideratuz: Zenbat Gara kultura elkarteak sustatutako Bilbo Hiria irrati euskaldun ez komertziala, haurrentzako iganderoko saioak eta Kafe Antzokiak hilero antolatzen dituen euskal kantagintza zein euskal dantza saioak dira, besteak beste, diru horrek sustengatzen dituen ekimenak. Ekimen pribatukoa izanik, Kafe Antzokia ez da inor aberasteko negozioa; nork bere soldata jaso eta kitto. Hori ezin dute ulertu Bilboko agintari erdaldunek: "hauek zoratuta daude edo gezurretan dabiltza", pentsatuko dute segur aski, inoiz horretaz pentsatzen jarri baldin badira.
Kafe Antzokia ez da diskoteka bat, euskalgintzatik abiatutako ekimena baizik. Interlokuzio politikoa behar du, ez isunetako lehiatila administratiboak. Udalean euskara arloak, kultura arloak, turismo arloak (eta orain, langabezira bidean jarri gaituzten honetan enplegu sustapen arloak) onartu eta estimatu beharko luketeen proiektu bizi eta autofinantziatu eredugarria da, ez hiritarren segurtasun arloak zigortu beharreko antro ilegala.
Arriaga antzokiaren pareko ekitaldi bolumena izanik, udalak Arriagan 9.000 euro gastatzen omen ditu egunero, Kafe Antzokian pezeta bat ez du inbertitu azken hamahiru urteotan. Beraz, Bilbori zerbitzu bikaina eman eta haren izena munduan zabaltzearen truke merke baino merkeagoa ateratzen zaio hiriari Kafe Antzokia.
Bere ostalaritza lizentziak dioenaz harago, Kafe Antzokia ez da gau giroko lokal huts bat. Azkuna jaunak eta gainerako udal agintariek ulertu behar dute euskaldunok ezinbestekoa dugula Bilbon Kafe Antzokia. Erdaldun askorentzat ere pentsaezina da egun Kafe Antzokirik gabeko Bilbo bat. Ezin dugu 1995 aurreko egoerara bueltatu, Bilbok ez du horrelakorik merezi. Kafe Antzokia arrisku bizian dagoela eta gure politikariek ulertu behar dute egoera hau elkarrizketa eta negoziazio bidez konpondu beharra dagoela. Astakeria hau zuzen dezaten eskatzeko sinadurak biltzen hasi gara eta horretarako webgune berria ezarri dugu sarean. Hemendik deialdia egin nahi dut denok sinatu dezagun, Kafe Antzokia martxan behar dugulako!
Mesedez, ez nahastu gauzak. Argi dago Kafe Antzokiak ez dituela arauak bete eta jakinaren gainean zegoela.
Nik ez dakit arauak egokiak diren, baina suposatzen dut onartu dituztela aretoak seguruak izateko eta ez inor izorratzeko asmoz.
Gainera, arazoa eta bere konponbidea argi baldin badaude, hitz egin dezaten eta konpon dezaten. Eta kitto.
Ahaz ditzagun konfabulazio judeo-masonikoak...
Egoera larria da eta bertan behera etor daiteke Kafe Antzokia betiko, orain ematen zaion aforo kopuruarekin -300 lagun pasatxo- ilegala bilakatzen delako baita Ruper Ordorikak bertan eman zuen azken kontzertua ere -400 entzule pasatxo-.
Baina Kafe Antzokiak tokia soberan dauka 800 bat lagun bere baitan erraz biltzeko... eta legalki ere halaxe izango litzateke -aforoa automatikoki bikoiztu egingo litzateke- baldin eta udaletxeak onartuko balu ate berri bat zabaltzea eraikinaren atzekaldean.
Oso obra txikia dakar horrek, horregatik Bilboko udaletxea ahalegintzen ez bada ate hori zabaltzen Kafe Antzokiarentzat... nik garbi izango dut fede txarrez ari dela.
> A! bai! euskal kultura suspertzen duen lokal bakarrenetarikoak min egiten die!
>
Ez minik ez, axola ere ez zaiela, hori da koxka. PNVtar batzuekin hitz egin da, segurtasunaren aitzakia ontzat jotzen dute ez zaielako ardura euskal kulturari gertatzen zaiona, eurak espainako kultura guztiz barneratuta daukatelako. Horregatik Kafe antzokiarena edo txinatar kultur gunearena parekoa zaie.
Segurtasun arau bera aplikatuz ere San Mames ere itxi beharko litzateke, baina hori ez, hori bai ez dutela ikutuko.
Hau da PNVren 25 urteko gestioko emaitza kulturala, alkate espainol bat euskal kultur lehioa den antzokia betirako ixteko meatxu egiten berrautik iñor kargaua hartu gabe.
> Dirudienez, azken ordukoa da Udalak baldintza gogorragoak jartzen ari zaizkiola Antzokikoei et airtengabeko kale batetara eraman nahi dizkiela arau eta tanpa legal ugariekin.
Antzokikoek agindua bidali duen Bilboko kontsejalarekin hileak daramate berarekin hitz egin nahian eta ez die hartzen, gainera meatxu larriak egiten ditu pretsatik (urte baterako ixtea)Kafe Antzokiaren bidegarritasuna eta bizitza baldintzatuz.
Nire ustez, Azkuna izan behar du atzetik, Cigalaren kontzertuetara joateko ohitura duen alkate "nazionalista" hau eta euskara eta euskal kultura boxt axola zaiona bere ibilbide politikoan erakutsi duen moduan (Osakidetzan euskararen egoera beste adibide bat da). CORREOren poza irakurtzea besterik ez dago.