Sustatu logoa Teknologia albisteak

Geografian aditu/aritu, brain training motako bideo-joko berria

Bideo-joko honek lau atal eskaintzen ditu: Non dago?, Izena ipini, Puzzlea eta Eskalak izenekoak. Non dago? jokoan, toponimoak mapan kokatzea da helburua. Izena ipini izenekoan, mapan agertzen den toponimoa euskaraz zuzen idatzi beharko du jokalariak. Puzzlea jokoan, mapekin puzzleak osatu beharko dira. Eta Eskalak jokoan, munduko maparen gainean beste eskala batean dagoen mapa bat kokatzea izango da helburua.

Jokoetan, mapa fisiko eta politikoek hartzen dute protagonismoa: munduko mapak, bost kontinenteetako mapak (Afrika, Asia, Amerika, Europa eta Ozeania), Espainiako mapak, Frantziako mapak eta Euskal Herriko mapak. Horietako bakoitzarekin, zailtasun-maila aukeratu eta gero, lau jokoetan jolastu daiteke, toponimia lantzen, puzzleak osatzen edota leku-izenak euskaraz idazten, Euskaltzaindiaren aholkuei jarraituta. Lortutako puntuazioa grafiken bitartez adierazten da, jokalariak bere bilakaera ikusteko aukera izan dezan. Horretaz gain, beste baliabide batzuk ere eskaintzen ditu, adibidez, geografiari buruzko mapa mutuak deskargatzeko aukera. Beraz, geografiaren inguruko hainbat joko ludikoren eskaintza egiten du Elhuyar Fundazioak, geroz eta gehiago entzuten den edutainment motako softwarearen bidez. Bideo-jokoaren demoa www.elhuyar.org/geografia web gunean dago. Gainera, web gune horretan, jokoari buruzko irudiak eta bideo bat ere badaude.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu