Ia mundu osoa astintzen ari den krisialdiaren aurrean, kooperatibek eman beharreko erantzunaz hausnartzeko aukera paregabea eskainiko digu aurtengo Arizmendi Topaketak ekitaldiak. Datorren ostegunean, hilak 27, izango da, 18:45etan, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Areto Nagusian, Arrasaten.
"Kooperatibak mundu mailako krisialdiaren aurrean: erantzukizunak eta aukerak etorkizuneko merkatu globalean" izenburua dauka Gizabidea Fundazioak antolatutako hitzaldiak, eta bi zati izango ditu.
Batetik, Lanki Institutuko Joseba Azkarragak eta Larraitz Altunak "La experiencia cooperativa de Mondragón. Una síntexis general" liburua aurkeztuko dute; ondoren, George Cheney irakasle estatubatuarrak ekitaldiaren izen bereko hitzaldia emango du.
George Cheney komunikazio irakaslea da AEBetako Utah-ko unibertsitatean eta Arrasateko esperientzia kooperatiboa aztertu du gertutik. Esaterako, Values at Work: Employee Participation Meets Market Pressure at Mondragon saiakeran, Mondragon kooperatibek beren demokrazia, berdintasun eta elkartasun balioei eusteko egiten duten borroka aztertzen du, merkatu globalean lehiatzen diren bitartean. Cheney, gainera, erakundeen aholkularia dugu askotan herrialde askotan (Danimarka, Espainia, Herbehereak, Mexiko, Kolonbia eta India) eta Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiarekin elkarlanean aritu da hainbatetan.
Erantzun
Sartu