Sustatu logoa Teknologia albisteak

OLPC proiektuaren XO ordenagailua eskuragarri Europan ere gaurdanik

e-gor
2008-11-17 12:11

Astelehenean Zientziaren Astea inauguratzen Euskal Herrian izan genuen Nicholas Negropontek zuzentzen duen One Laptop Per Child proiektuak hirugarren munduko haurren hezkuntzan IKTen bidez laguntzea du helburu, haustura digitala txikitzeko asmoz, eta hori lortzeko ordenagailuak eta Internet jarri nahi ditu garapen bidean dauden herrialdeetako haurren eskura. Helburu horrekin, XO ordenagailu eramangarria diseinatu zuten, proiektuaren helburuetan pentsatutako irizpideei jarraituz: merkea, kontsumo txikikoa, hauskaitza, iragangaitza, eguzki argitan ere ongi ikusiko dena, hezkuntzarako egokituta, elkarlanerako pentsatua... Hasierako asmoa ordenagailuak 100 dolar kostatzea bazen ere (hortik datorkio proiektuari bere ezizen ezagunena, 100 dolarretako eramangarria), azkenean ia bikoitza kostatzen da, baina kontuan izanda dolarrak azken urteetan izandako jaitsiera ikaragarria, benetako kostua ez da hainbesteraino igo.

Proiektuari laguntzeko, iaz bi hilabetez Give One Get One kanpaina jarri zuten martxan bi hilabetez, non XO ordenagailua eros zitekeen bikoitza ordainduta, horrela ordenagailu bat hirugarren munduko haur bati helaraziz. Baina iazko kanpaina AEBak eta Kanadarako soilik izan zen. Gaur berriz ere jarriko da kanpaina martxan, baina oraingoan Europako herrialdeetakoek ere parte hartu ahal izango dugu.

Kanpainak ez du amaiera eperik oraingoz. Bi ordenagailuen prezioa 275 libera esterlinakoa da (322 euro inguru). Iazko kanpainan arazo handiak izan zituzten banaketarekin (OLPC erakundeak ez du horrelako banaketa pertsonalizatuetarako azpiegitura egokirik, ordenagailuak hirugarren munduko gobernuei saltzen dizkie kopuru handitan), eta aurten Amazon-en bidez egingo dute. Eskaera http://www.amazon.com/xo helbidean egin behar da (hortik http://www.amazon.co.uk/ helbidera eramango gaituzte). Hasieran eskaera soilik egiten da, ezer ordaindu gabe, eta Amazon-ek bideratuko du eskaera OLPCra; ordenagailua gutxi gorabehera noiz iritsi daitekeen dakitenean, konfirmazioa eskatuko dute eta orduan egingo da ordainketa.

XO ordenagailuari buruzko informazio gehiago euskaraz http://eibar.org/blogak/e-gorblog/topics/OLPC helbidean duzue. XO ordenagailua ezin egokiagoa da haurrentzat, nahikoa eta sobera oporretan Interneten ibili eta testuak idatzi eta irakurri nahi dituzten helduentzat, eta ametsa probatu, katxarreatu eta esperimentatzea gustatzen zaien geekentzat. Bat eskuratu nahi baduzu, eta bide batez hirugarren munduko haur bati lagundu, badakizu zer egin!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu