Elhuyar Fundazioak antolatuta, Bioteknologia eta Gizartea, harreman konplexua izeneko hitzaldia eskainiko du Leire Escajedo Zuzenbidean doktoreak, azaroaren 13an Donostiako Koldo Mitxelenan, goizeko 11:00etan. Hitzaldiaz gain, Bioteknologiaren aurrerapen osasungarri eta jasangarria liburua aurkeztuko da.
Azaroaren 10etik 16ra bitartean Zientziaren Astea ospatzen da eta, hori aitzakiatzat harturik, Elhuyar Fundazioak, bioteknologiaren inguruko hitzaldi bat antolatu du, Bioteknologia eta Gizartea, harreman konplexua izenekoa, Leire Escajedo Zuzenbidean doktorearen eskutik. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izango da hitzordua, azaroaren 13an (osteguna) goizeko hamaiketan. Bestalde, hizlari horrek orain dela gutxi argitaratu duen Bioteknologiaren aurrerapen osasungarri eta jasangarria liburua ere aurkeztuko da ekitaldian. Lan horrengatik, Leire Escajedok Nazioarteko Bioetika Elkarteak (SIBI) ematen duen ikerkuntza-saria jaso zuen 2006an.
Bioteknologia modernoak aukera handiak eskaini ditzake, besteak beste, nekazaritzarako, elikagaigintzarako eta industriaren zenbait arlotarako. Baina teknologia horrek gatazka ugari sortzen ditu, osasunean eta ingurumenean, kontsumitzaileen eskubideetan eta garabidean dauden herrialdeen ekonomietan izan ditzakeen ondorioak direla eta. Azken hamarkadetan, nazioarteko, eskualde mailako eta nazio mailako hainbat erakundek bioteknologia arautzeko esparruak ezartzea bultzatu dute, garapen osasungarria eta jasangarria izan dezan.
Bioteknologian orain arte egindako ibilbidearen ikuspegi zehatza aurkeztuko digu Leire Escajedok, eta praktikan sortu diren arazoak eta kontraesanen berri ere emango digu.
Erantzun
Sartu