Teknologia albisteak

Euskalerria Irratia, 20 urte entxuferik gabe

Erabiltzailearen aurpegia
Juan Kruz Lakasta - Euskalerria Irratia
2008-11-05 : 10:11

Entxuferik gabeko irratsaio ikusgarria eginen du Euskalerria Irratiak datorren ostiralean, azaroaren 7an, arratsaldeko 7etan, Barañaingo Auditorioan. Besteak beste, Fermin Muguruzaren musika, Kike Amonarrizen eta Ilaski Serranoren lehiaketa eta Egoi Martinezen eta Oier Sanjurjoren elkarrizketak izanen dira gozagai.

Badago zer ospatu

Badago zer ospatu

Datorren ostiralean 20 urte beteko ditu Euskalerria Irratiak. Hogei urte entxuferik gabe, lizentziarik gabe eta, azkenaldian, baita Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik gabe ere.

Edonola ere, Iruñerriko irrati euskaldun bakarrak badu zer ospatu: baditu milaka entzule eta bazkide, ehunka iragarle, ehun bat kolaboratzaile eta hainbat babesle. Horiei guztiei esker, 20 urte egin ditu eta beste 20 egiteko moduan da.

Fermin Muguruza, entxuferik gabe

Beraz, Euskalerria Irratiak ospakizun festa eginen du Barañaingo Auditorioan. Zuzeneko musika izanen da irratsaio ikusgarriaren ardatza. Irratia bera bezala, musikariak entxuferik gabe ariko dira, unplugged.

Diskoa plazaratu berri duen Irungo asthmatic lion borrokalariak ezohiko taldea osatu du emanaldi berezirako: Fermin Muguruza Trio Akustikoa. Iradokitzailea, guztiz. Halaber, Auditorioko agertokitik igaroko dira Hesian Sakanako rock taldea, Cheese and Roads Ensemble jazz taldea eta A-lai-kapela soul taldea.

Elkarrizketak eta lehiaketak

Saioa Txari Eleta eta Oihane Arangoa esatariek gidatuko dute. Fermin Muguruzaz gain, Egoi Martinez txirrindularia, Oier Sanjurjo Osasunako jokalaria eta Hedoi Etxarte idazlea elkarrizketatuko dituzte. Bestalde, Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok lehiaketa eginen dute.

Euskalerria Irratiak saioa zuzenean eskainiko du eta, gainera, egiazki ikusgarria izan dadin, Eguzki Bideoak taldeak pantaila erraldoia jarriko du agertokiaren atzealdean. Hartan lau kamerek zuzenean harturiko irudiak eta aldez aurretik grabaturikoak tartekatuko dituzte.

Eska gonbidapena

Ostiralekoa Euskalerria Irratiaren entxuferik gabeko hirugarren festa izanen da. Aurreko urteotan, Ruper Ordorikak, Mikel Urdangarinek, Kirmen Uribek, Aingeru Epaltzak eta beste askok hartu dute parte ikuskarietan. Euskalerria Irratiak, bitarteko ekonomiko gutxi izanagatik ere, lagun on ugari dituenaren seinale.

Aurtengo irratsaioa musu truk gozatu ahal izanen da, baina betiere aldez aurretik gonbidapena eskatuz. Horiek lortzeko bidali mezua administrazioa@euskalerriai.com helbide elektronikora edo hots egin 948 17 01 51 telefono zenbakira.

Erantzun

Sartu