Teknologia albisteak

Business Angelen EAEko erakunde berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-10-28 : 08:10

BAN Euskadi erakundea aurkeztu zen joan den astean Bilbon. Business Angelen euskal sarea, EAErako hiru enpresari sindikatuk sortua (SEA, Cebek, Adegi). Terminoa ingelesezkoa da, Business Angel, negozioetako aingeru literalki, baina BAN Euskadiren webgunean euskaraz bere horretan ematen da: Business Angelak, Business Angelen inbertsioa...

Business Angela "inbertsiogile pribatua da, eta esperientzia handia dauka kudeatzaile edo sustatzaile moduan", esplikatzen zaigu Baneuskadi.es webgunean. "Kudeaketan inplikatzen da, bere jakintza nahiz harremanak eskaintzen ditu eta 25.000 eta 250.000 euro aarteko inbertsioa egiteko prest dago, proiektua interesgarria iruditzen bazaio". Pertsona indibidualak, beraz, baina BAN Euskadin ez dago inoren izenik oraingoz: hiru erakunde sortzaileen izena, eta hiru aurrezki kutxen logoak (Kutxa, BBK, Vital). Hori bai, eskaria egiten zaie, ez bakarrik sustatzaileei beren ekimenak aurkezteko, baina inbertsiogileei ere, webgunetik beren burua aurkezteko.

Business Angelak proiektuetan parte hartzeko moduez, horrela definitzen dira webgunean negozioaren ezaugarri zehatzak:

  • "Business Angelaren" beraren esperientziarekin zerikusia duten proiektuak, bete-betean parte hartuko duelako enpresa-proiektuaren kudeaketan zein finantziazioan.
  • Proiektu sortu berriak edo garapen-bidean dauden proiektuak, betiere hazkuntza-ahalmen handia badute.
  • Tokian tokiko inbertsioak. Geografiari begira, bere bizilekutik 150 inguru kilometrora egongo dira kokatuta.
  • Inbertsio ekonomikoa 25.000 eta 250.000 euro artekoa izango da.
  • Hazkuntza azkarrerako aurreikuspenak. Horrela, inbertsiogilea epe ertainera irten ahal izango da, hiru eta bost urte arteko epean, alegia.

Erantzun

Sartu