Teknologia albisteak

Hizkuntza gutxituak eta globalizazioa, balantzea

Erabiltzailearen aurpegia
UNESCO Etxea - UNESCO Etxea
2008-10-24 : 14:10

Duela bi aste, urriaren 9 eta 10ean ospatutako Hizkuntza gutxituen erronkak globalizazio aroan izeneko biltzarrari buruzko zenbait ohar halarazi nahi genizkizuen. Kongresuan jorratutako gaiak eta zabaldutako materiala eskuratu nahi izanez gero, irakur itzazu informea eta hizlarien aurkezpenak UNESCO Etxeko webgunean (Powerpoint eta PDF-ak ere eskuragarri izango dituzu).

Biltzarraren berri eman genuenean esan bezala, Nazio Batuen Erakundeak Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu du aurtengo urte hau. Ildo honetatik, UNESCO Etxeak Batzorde Zientifiko gisa hizkuntza aniztasuna eta egungo nazioarteko ikuspuntuaz mintzo izan den "Hizkuntza gutxituen erronkak globalizazio aroan" izeneko biltzarra ospatu du, non antolatzaileak EUDEL, Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak izan diren.

Izenburua irakurri bezain pronto biltzarrean aztertu izan diren gaiak jakin dakizkigu, izan ere, globalizazio sasoian hizkuntza gutxituek dituzten erronkez nahiz aukerez mintzatu izan baitira hizlariak.

Hauen artean, Fernand de Varennes, Australiako Murdoch University-ko hizkuntza eskubideen alorrean egun dagoen aditu ospetsuenetakoa izan genuen. Hizkuntzak boterearekin izan duen eta egun ere duen loturaz mintzo izan zen. Bestalde, Oxford University-ko Merton College-etik etorritako Suzanne Romaine ere gure artean izan genuen, hizkuntza eta botera edota hizkuntza eta garapenaren arteko loturak azalduz. Hizkuntza aniztasunaz mintzo zitzaiguna ere Marielle Rispail izan genuen, Frantziako Saint-Etienne unibertsitateko katedraduna. Gizarte eleanitz baterako bidean gaudela ohartarazi zigun, baita bide honetan ditugun arazo, praktika eta adibideak azaldu ere. Hizkuntza aniztasunaren alorrean azkenik, Simon Toulou Genevako doktorea gure artean, ahozko tradizioaren irakaskuntzaren eta transmisioaren garrantzi eta gogoeta eginez.

Biltzarrean, aro globalizatu honetan teknologiak duen indar eta garrantziaz ere mintzo izan ziren hizlariak. UNESCO eta Hizkuntza aniztasuna ziberespazioan gaia jorratu zuen Misako Ito UNESCOko Information Society Division – Universal Access and Preservation sekzioko arduradunak. Hizkuntza gutxituak teknologia berriez baliatu daitezkeela argi utzi zuten Delyth Prys (teknologiaren bitartez gaeleraren berreskuratze ekimenak ekarriz) eta Luistxo Fernandezek berain hizketaldietan.

Amaitzeko, hizkuntza aniztasun eta teknologia berrien artean ere euskarak aparteko lekua izan zuen. Lehenik, Andres Urrutia, Euskaltzainburuaren eskutik, Euskaltzaindiaren proiektu eta ekimenak plazaratu zizkigun. Eta bestetik, teknologia berriak eta Interneten euskararen egoeraz mintzo izan zen Luistxo Fernandez izan genuen gure artean. Euskarak teknologia berrien trena ez omen duela galdu oihartzunari buruzko argi-ilunak azaldu zizkigun, oraindik egiteke eta egiteko asko dagoela ohartaraziz.

Hala, biltzarraren helburu nagusia esperientziak partekatzeko gunea sortzea izan zelarik, nazioarteko ikuspuntu eta esperientzia anitzak bateratu ziren. Globalizazio aroak dakartzan mehatxuei aurre egiteko eta aukerak aprobetxatzeko zein bidetatik jo behar dugun antzemate aldera.

Erantzun

Sartu