EHU-ko Ikus-entzuneko Komunikazioko lizentziatu berriek egindako film laburra da Looking for Mister X (promoziorako sortu duten blog batekoa da lotura). GAL-en atentatuen garaia da filmaren gai politikoa (satira gisa tratatua, nonbait).
Aktoreen artean, besteak beste Asier Hormaza, Ander Lipus, Isidoro Fernandez eta Joxemari Agirretxe Porrotx daude. Zuzendari eta gidoilariak, bikote bat: Josu Martinez eta Txaber Larreategi.
Euskaraz sortutako lana da, baina hitzak euskaraz zein gaztelaniaz dira. Ez dituzte poliziak euskaraz hizketan jarri. Baina gaztelaniazko ataletan, euskarazko azpidatziak gehitu dituzte. "Zinea ere mailu bat izan daitekeelako ustea dago satira basati honen atzean,", diote zuzendariek blogeko ohar batean. "Baina baita euskal zinea egiten hasteko nahia ere. Ez ordea ministerioen propinek baimentzen duten euskal zinea: Herritik eta auzolanean egindakoa baino."
Filmaren zenbait emanaldi programatu dituzte egileek hurrengo asteetarako, eta estreinaldia asteburu honetan izango da, urriak 19, igandearekin, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian (bi emanaldi, 18.00etan eta 19.30etan).
Zorionak, baina, ez izan zekenak, eta zintzilikatu pelikula Euskaltuben!