Maider Eguesek aurkeztu eta zuzenduta, gaur 21:30etan estreinatzen da ETBko telebista kate berrian eta asteburuan ETB-1 eta ETB-2n eskainiko da zientzia eta teknologiari buruzko saio hau.
Elhuyar fundazioak ETBrako egiten duen Teknopolis saioak ETB-3n izango du lehen emanaldia, gaur 21:30ean, eta ondoren ETB-1 eta ETB-2n ere izango da ikusgai. Euskaraz igandean 20:00etan eta gaztelaniaz 11:00etan. Maider Eguesek aurkeztu eta zuzenduta zientzia eta teknologia saioaren denboraldi berria gaur aurkeztu da Elhuyar Fundazioaren egoitza nagusian.
Hamar urte beteko ditu kurtso honetan Teknopolis saioak Euskal Telebistako programazioan eta urtemuga berezi hori prestatzeko ekitaldi bereziak lantzen ari da programako lan-taldea.
Orain arte, 23 saioko denboraldia egin izan du Teknopolisek. Orain berriz, 36 saio egingo dituzte. Beraz, urrian hasi eta uztailera arte astero-astero izango dugu programa ikusgai. Lan-taldea ere sendotu du programak: 6 lagunetik, 8ra. Horietatik 5 kazetariak dira, zuzendaria barne: Maider Egues, Alaitz Ochoa de Eribe, Beñar Kortabarria, Bego Zubia eta Oihana Jauregi. Beste 3, zientzilariak dira: biokimika doktore bat Aitziber Agirre, ingeniari bat Manex Urruzola eta biologo bat Eneko Imaz.
Urriaren amaiera aldera, Teknopolisek web orri berria estreinatuko du. Bertan, aurreko denboraldietako edukiak kontsultatu ahal izango dira, eta baita astean-astekoak.
Saioaren babesleak, Eusko Jaurlaritzako Industria Turismo eta Merkataritza Sailarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea ditugu.
Erantzun
Sartu