Teknologia albisteak
3

Barack Obamaren aldeko propaganda, euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-10-21 : 10:10

Estatubatuarrak presidentziarako hauteskunde kanpainan buru belarri sartuta daude eta propaganda ugari dago han eta hemen. Euskarazko propaganda ere sortu dute Nevadan Barack Obamaren aldekoek. Obamaren taldearekin bat egiteko deia egiten dute: "Nevadako botuemaileek aldaketa posible egingo dute. Barack Obamarekin eta milioi erdi estatubatuarrekin bat egin ezazu eta egin zaitez, gaurtik hasita, gure taldearen partaide."

Joan den astean izan genuen eskuorri honen berri, Goiena.net-eko albiste honi esker.

Nevadako Reno hirian egindako ekitaldi baten jaso zuen Thomas Aucuttek. Euskal jatorria duen emaztea du Thomasek: urangatarra da; hain zuzen Bizkaiko Natxitua herrikoa. Hori dela-eta, Thomasek euskararekiko begirune berezia du. Euskara ikasten ere badabil eta horrelako bitxikeriak ikusten dituen bakoitzean gorde egiten ditu.

Eskuorria

Obamaren aldeko propaganda, euskaraz

Egin klik handiago ikusteko. Orrian ageri denez, urtarrileko Nevada estatuko primarioetara deitzen du propagandak, Obamaren alde egiteko. Alegia, demokraten barne-lehia pil-pilean zegoen garaikoa da hau, Barack Obama eta Hillary Clinton orpoz orpo zeudenekoa. Zaharra da, beraz, eta ez dakigu orain, azken txanpan berriz euskara erabili ote duten. Oraingo inkesta mapetan Nevadak McCain edo Obamaren alde egingo duen ez dago argi.

Urte hasieran, halaber, beste estatu batean, Idahon, oihartzuna izan zuen Boiseko alkate demokratak, Dave Bieterrek, mitin batean egin zuen deiadarrak: Gora Obama. Lotura horretan une horren bideo parea ere ikusiko duzu. Obamak inon baino alde handiagoa atera zion Clintoni Idahoko primarioan. Orain, berriz, McCain faborito sendoa da estatu honetan.

Orain eskuratu dugun orrian, Barack Obama hautetsi demokrataren ildo politikoa euskaraz ageri zaigud. Euskara garbian, Gizarte aldaketa eragiteko Nevadako mugimenduarekin bat egin ezazu dio propagandak. Zenbait puntu ingelesez daude, baina jarraian euskarara itzulita daude. Hemen duzue testu osoa:

Obama 08

Gizarte aldaketarako mugimendu honen bitartez, amaiera data jarriko diogu Irakeko gerrari baita estatubatuar orori osasun zerbitzuak ziurtatuko ere.

"Patua deika ari zaizula sentitzen baduzu, nire antzera begi aurrean aukera amaigabeak ditugula uste baduzu, nire antzera sinesten baduzu hauxe dela lozorrotik atera eta beldurrak uxatzeko unea, iraganeko eta etorkizuneko belaunaldiekiko dugun zorra kitatu ahal izateko, orduan helburuari ekiteko prest nago, zuen laguntzaz eta elkarlanaz."
-Barack Obama, 2007ko otsailaren 10ean

Nevadako botuemaileek aldaketa posible egingo dute. Barack Obamarekin eta milioi erdi estatubatuarrekin bat egin ezazu eta egin zaitez, gaurtik hasita, gure taldearen partaide.

Komunitate antolatzaile, eskubide zibilen aldeko abokatu eta Amerikako Estatu Batuetako gobernu federaleko senadore izaki, Barack Obamak jakin badaki aldaketa herriaren sustraietatik etorri behar dela, ezin du goitik behera bultzaturiko aldaketa izan.

Gerra honekin bukatzeko eta estatubatuar orori osasun zerbitzu unibertsalak eskaini ahal izateko, lehenik eta behin Washington hiriburuko sistema aldatu beharra dago, sistema honek, korporatibismoaren eta alderdikeriaren eraginpean denez, ez baitu ezer lortzen.

Puntu honetan da zure partaidetza beharrezko. Irakur itzazu Barack-ek gerrarekin amaitzeko eta estatubatuar orori osasun zerbitzuak ziurtatzeko dituen planak BarackObama.com web orrian. Ekintzarako unea iritsia dela uste baduzu, Nevadako aldaketarako mugimenduarekin bat egin ezazu. Nevadako herri mugimendua motoreak berotzen hasi da uda honetan. Hauxe da parte hartzeko unea. Caucus-aren berri izateko zein bertan parte hartzeko, jarri zaitez gurekin harremanetan.

Erantzunak

Josu
2008-10-21 : 13:26

Berri ona da. Obama Munduko Presidente izateko hautagaia da, eta ondo dago hizkuntza txikiak ere babesten dituela ikustea. Hemengo batzuek egiten ez dutena AEBetatik etorriko zaigu. Yuju!

ibnamzer
2008-10-23 : 15:52

Ez dakit zein joera dugun "beti irabazlearekin" batera joateko, bainan Renoko batzuek euskarazko propaganda bat ateratzen dutelako Obamak hizkuntza minorizatuekiko begirunea duela esaten denean, nik uste dut eskolako patioetan hartzen den jarrera berdina hartzen dela, hau da klaseko handiaren itzalean eta babesapean egotea. Ziur naiz Obamari bost axola zaiola euskararekin gertatzen ahal dena eta agintea hartzen badu ere horrek ez duela alde deus eginen.



Benetan izugarria iruditzen zait zer garrantzia ematen zaion honi, hau da, kanpoko bat euskaraz aritzeari. Poztuko gara, poztekotan, Bilboko alkatea izateko euskaraz jakitea derrigorrezkoa denean, Euskaltzain guztiek beren seme-alabei euskara transmititzen dietenean. Hori bai dela poztekoa!!!! Inork ez du aipatzen hemen bizi garen kanpotarrok euskara ikasteko egin dugun apustua (egin dugunok), derrigorrez hona etortzen garen guztiok egin behar dugun gauza bat delako, hemengoek paso egiten duten bitartean (ikasten ez dutenek eta euskaldunak izaki erdaraz mintzo direnek).

Euskal Heriko arazo linguistikoa ez da konponduko Obama batek "kaixo" esaten duelako, hemengo guztiek "kaixo" esaten dutenean baizik.



Izan ongi!!

Sustatu
2008-10-23 : 17:04

Gaur Euskadi Irratiko eguerdiko albistegian aipatu dute Obamaren euskarazko propaganda, baina pare bat gauza ahaztu zaizkie:


bat: Albistearen jatorria aipatzea, ez Goiena.net ez Sustatu ez dute aipatu.


bi: propaganda orria urtarrileko primarioetakoa dela. Obamaren kanpaina oraintxe bertan euskarazko propaganda banatzen ariko balitz bezala uler zitekeen albistea entzunda (eta agian, ariko dira, baina propaganda zati zehatz hau zaharra da dagoeneko).


Erantzun

Sartu