Teknologia albisteak

Zientzia eta teknologiaren VII. Zernola Olinpiada dagoeneko hasi da

Erabiltzailearen aurpegia
Izaro Aizpurua - Elhuyar Fundazioa
2008-10-09 : 12:10

Elhuyar Fundazioak VII. Zernola Olinpiada jarri du martxan www.zernola.net atariaren bitartez. Zientziaren eta teknologiaren inguruko olinpiada da, eta Euskal Herriko DBHko 1. eta 2. mailako ikasgelei dago zuzendua.

Urria eta apirila bitartean, parte hartzen duten ikasgelek zientziaren eta teknologiaren inguruko bost proba gainditu beharko dituzte. Gela bakoitzak blog bat izango du, eta blogean bertan zintzilikatu beharko dituzte proben ebazpenak. Proba hoberena egin duen ikasgelak sari bat jasoko du gelako ikasle guztientzat, eta olinpiadaren amaieran puntu gehien dituzten bi ikasgelek bi eguneko txangoa irabaziko dute. Hirugarren postuan sailkatzen den ikasgelak egun-pasako txangoa bereganatuko du. Gainera, olinpiadaren amaieran, olinpiadako proba guztiak aurkeztu dituzten ikasgelek beste bi zozketatan parte hartuko dute. Horren bidez, olinpiada amaitzea ere saritu nahi da.

Lehenengo proba urriaren 27an argitaratuko da, eta parte hartzen duten ikasgelek ia hilabeteko epea izango dute ebazteko. Lehenengo proba horretan, gaztetxoek aztertu beharko dute Lurrak eta Ilargiak nola eragiten dioten elkarri. Hurrengo probetan, honako gai hauek landuko dituzte: IKTak eta zientzia-kazetaritza, prozesu teknologikoak eta jarrera ekintzailea, ingurumena eta bloga.

Zernola Olinpiadaren helburua da gazteei zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna piztea, talde-lana eta sormena sustatzea eta, era berean, teknologia berrietan trebetasuna hartzea.

Olinpiadako sariak eta babesleak
Honako babesle hauek emango dituzte proba bakoitzari dagozkion sariak: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila, Berria, Kukuxumusu, Elkar Liburu-dendak, Skunfunk, Donostiako Aquariuma, Zientziaren Kutxagunea, Karpin Abentura parkea, Astizko Kobak (Mendukilo) eta Iruñeako Planetarioa. Olinpiada amaitu duten ikasgelen artean egindako bi zozketen babesleak Senda Viva parkea eta Gaztezulo aldizkaria dira.

Sailkapen nagusian lehenengo bi postuak lortzen dituztenek bi eguneko txangoa egingo dute Zuatzako uhartera eta Plentziara, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Hirugarren sailkatuek Sobrongo abentura-parkean egingo dute egun-pasa, Sobron Abentura taldeari esker. Joan-etorriak Aizpurua Autobusak enpresaren eskutik egingo dituzte irabazleek.

Erantzun

Sartu